Joan den udal hauteskundeetako emaitza argiek aukera bakarra utzi zuten mahai gainean. Andoaingo Udalaren kudeaketan bestelako eredu bat martxan jartzea eskatu genuen andoaindarrok. Mezu hori jaso genuen EHBilduko kideok, eta Andoaingo Elkarrekin-Podemosekin egindako akordioarekin, udalaren kudeaketan gobernu sendoa osatzeko aukera ireki genuen.
Hortk aurrera, Udal Gobernua gogotik lanean ikusi dugu. Harro gaude gure kideek udaletxean egiten ari diren lanarekin, eta orain, lehen ehun egunak bete diren honetan, EHBilduren Mahai Politikoak balorazio bat plazaratu nahi du.
Andoainek erronka handiak ditu eskuartean, jakinak dira eta azken urteetan errepikatu ditugu; Etxebizitza, Kiroldegiko pista berria, Udal Liburutegi berria, N1-A15 errepideek Andoainen sortzen dituzten arazoak, zaintza eredua, politika feninistak… eta zerrenda luze batekin jarraitu dezakegu.
Ekainetik aurrera erronka horiek aurrez-aurre heldu eta lehen egunetik erantzuna emateko lanean dabil udal gobernu berria: herritarrekin harremana berrartu, auzo guztiak bisitatu, urgentziazko arazoei erantzuna eman, eta gobernu plan bat osatu.
Azken astean izan dugu horren berri. “Andoain Bizitzeko” izenburupean biltzen den Gobernu Plana begi onez ikusten dugu EHBildutik. Andoainek dituen epe motzeko erronkei erantzun bat emateaz gain, epe luzeko begirada bat eskaintzen duelako.
Lehen ehun egun hauetan egindako ibilibidean Elkarrekin-Podemoseko zinegotziaren laguntza eta elkarlana izan du gure udal taldeak, eta hemendik gure eskertza egiteaz gain, etorkizunean harreman hori sendotzeko gure borondatea adierazi nahi dugu.
Gobernu Plana etorkizunerako bide-orri garrantzitsua da. Eta aurrera eramateko akordio garrantzitsuak beharko dituena. Norabide horretan, oposizioko alderdien begirada txertatu nahiko genuke. Horretarako borondatea dutenena behintzat.
Jarrera ezberdinak ikusi ditugu lehen ehun egun hauetan. Eta akordio zabaletarako aukerak daudela ikusi dugu. EHBilduk beti bilatu ditu akordio zabalak Andoain hobeago bat egiteko, iraganean hala erakutsi dugu ere. Eta orain Udal Gobernuan gaudela ez diogu aukera horri bizkarra emango. Ez gara gehiengo erosoetan lokartuko.
Alta, gure egiteko moduetatik urrun ikusten dugu Andoaingo PSE-EE alderdia, herritarrentzat garrantzitsuak diren eztabaida eta erabaki hartze prozesuetan oztopoak jartzera mugatzen baitira. 2011.urtetik hona, Andoainen gertatu diren aldaketak onartu eta hauteskudez hauteskunde herritarrak adierazitakoa aintzat hartzea gonbidatzen diegu
Andoaingo EHBilduren Mahai Politikoa eta EHBilduren kidegoa oro-har, orain arte bezala, herriaren dinamika sozial eta politikoan lanean jarraituko du. Andoain Bizitzeko herri bat izan dadin.