Igandeko hauteskundeak igarota, atzo, Andoaingo EHBilduko Mahai Politikoa elkartu zen. Emaitzen azterketa pausatu bat egin zen bertan, eta hemendik aurrera egin beharrekoak finkatu zituen.
Emaitzak oso argiak izan dira. Azken urteotan egon den gobernuaren kudeaketa zigortu dute. Dinamika horrekin eten behar dela argi eta garbi esan dute. Herritarrek emandako boza modu arduratsuan kudeatu behar da, errespetuz eta egoerak eskatzen duen seriotasunarekin.
Lehen balorazioan esan genuen bezala, EHBilduk udal gobernu sendoa osatu nahi du, eta horrela izango da. Datozen lau urteak erabakigarriak dira urgentzia handiko gai askorentzat, baita ere Andoainek behar dituen proiektu estrategikoak bideratzeko, eta horretarako arin eta sendo funtzionatuko duen gobernua nahi dugu.
Gobernantza kolaboratiboan sienesten dugu. Gai askotan gehiengo transbertsalak daude eta hauek artikulatzeko gaitasuna izan behar dugu. C-2, Etxebizitza, Kiroldegia, Liburutegia edo politika sozialak eta politika feministak indartzeko gehiengo zabalak daudela uste dugu.
Ekainak 17ko inbestiduratik harago doan akordio bat lantzen hasiko gara horretarako borondatea duten alderdiekin. Elkarrizketak denekin abiatuko ditugu, baina udaletxean azken urteotan egon den harreman dinamika kontuan izango dugu lehentasunak finkatzeko orduan.
Elkarrizketa hauen emaitzaren berri emango dugu herritarrak informatuak egon daitezen.