AKTUALITATEA


| 2021-07-05 12:06:00

Prozesua martxan jarri zenetik, ia lau urte beteko direnean, sartu da indarrean Buruntzaldeako autobus zerbitzu berria. Prozesu hau 2017. urteko irailean jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hilabeteko epea eman zuten soilik egin beharreko alegazioak egiteko,eta ondoren 15 egunez luzatu bazuten ere, epe oso eskasa zen horrelako prozesu bati ekiteko.

Egin nahi zituzten murrizketak zirela eta, Andoaingo EHBildutik ekimen ezberdinak jarri genituen abian. Batetik, prozesua eten eta berriz ere elkarrizketa bidez ekitea eskatu genuen mozio baten bidez, (EAJ-PNV, Ganemos eta Irabazi taldeek bat egin zuten gure mozioarekin, eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen. Kontutan izan behar dugu, autobus zerbitzua PSE-EEk kudeatzen duela Gipuzkoako Foru Aldundian) eta bestetik alegazioak jarri genituen. Alegazioak orokorrak eta partzialak izan ziren, eta udaletxeko ateak ireki genituen herritarrek alegazioak jartzeko aukera emateko ere. 2.000 alegaziotik gora jaso ziren astebeteko epean.

Behin lehiaketa publikoa amaituta, eta gaiari buruz informaziorik eman gabe egon diren arren, orain sartu da indarrean kontratu berria. Espero bezala, murrizketa handiekin. Murrizketak batez ere, Tolosa-Donostia linean ezarri dituzte. Lehen 15 minuturo bazeuden, une honetan 25-30 minuturo egongo dira. Hernanitik barrena doan linean murrizketa gutxiago daude, eta ospitalera doan zerbitzuan, asteburuan hobekuntzak badaude ere, astean zehar murrizketa batzuk sartu dituzte.

Martxan jartzeko eman duten informazio eskasa ere salagarria iruditzen zaigu. Bezperan jakin zuten herritarrek aldaketak zeudela, eta herritar askok egunean bertan jakin zuten ordutegi berriak zeudela. Jendea berandu iritsi zen lanera, eta lehen egunetan haserre sentsazioa nabaria zen herritarren artean.

EHBildutik gure elkartasuna adierazten dugu pertsona hauekin guztiekin. Horrekin batera, udal gobernuak izan duen axolagabekeria azpimarratu nahi dugu. Zerbitzua indarrean sartzeko egun bat falta zela, autobus berrian argazkiak atera bai, baina bitartekorik ez dute martxan jarri herritarrak behar bezala informatzeko. Berriz ere, propaganda komunikazioaren gainetik lehenetsiz.

Gure aldetik 2017. urtean esan genuen gauza bera esan nahi dugu, garraio publikoa indartzeko garaia da. Gipuzkoako foru Aldundiak hartutako erabakia, herritarrok behar dugunaren kontrako norabidean doa, eta Andoaingo Udal Gobernuak alderdi interesak alboratu eta herritarren beharrak defendatu beharko lituzke.