Andoain, 2019-09-13. Uda hasieran ireki zen skatepark berria. Ez, ordea, guri gustatu litzaigukeen bezala, ez merezi zuen moduan. Irekiera ekitalditxo bat faltan somatu genuen.
Nolanahi ere, erabiltzaileak oso pozik daude Andoainek puntako skate park bat duelako, eta hori ona da Andoaingo herriarentzat. Pozik gaude lehen hilbeteetako erabilpenarekin, arrakastatsua izan baita. Argi geratu da beharrezkoa zen azpiegitura bat dela. PSE eta PNV kontran zeuden, lehentasunekoa ez zela esaten zuten. Baina erabilpena ikusita oker zeudela argi geratu da. Beharrezkoa zen azpiegitura bat da, eta erabakian asmatu genuela demostratu da.
Skatepark honen potentzialtasuna handia da. Herriko gazteei begira kirol alternatiba berri bat eskeintzen dugu, gazte eta nerabeen aisialdian aukera berriak ireki dira eta hori gutxi balitz, txapelketak edo bestelako ekitaldiak egiteko aukerak ireki dira. Horretarako beharrezkoa da anbizioz jokatzea eta zerbitzuak hobetzea. Hori da gure proposamena: azpiegitura honen inguruko zerbitzuak hobetzea.
Bost neurri zehatz proposatzen ditugu:
1.- Argiteria jartzea. Instalakuntza egina dago, farolak jartzea falta da soilik.
2.- Iturri bat jartzea.
3.- Komon publikoak. Jende asko egoten da, eta egonaldiak luzeak dira. Komonak bertatik paseatzen duen jendearentzat ere beharrezkoak dira.
4.- Mahaiak eta bankuak jartzea. Lekua badago horretarako
5.- Arautegiaren panela jartzea.
Proposamen hauek aurrera eramateko arazo ekonomikorik ez dago. Proposamen egingarriak dira. Dirua egon badago eta borondaterik ba ote dagoen jakin nahi dugu. Gogoratu nahi dugu ere, Allurralde kiroldegian bigarren pista estalia egiteko erregistratu genuen proposamena ere. Erantzunik ez dugu jaso eta espero dugu datozen egunetan egongo den kiroletako batzordean lantzea.
Andoainen, 2019ko irailaren 13an