AKTUALITATEA


| 2019-12-30 13:22:00

Edozein gobernuren jarduera lehenengo egun egunetan baloratzen da, EH Bildu Amurrion pazienteak izan gara epea luzatuz ia berrehun egun bete arte. Eta jakin badakigunez azken balorazioa amurrioarrek egingo dutela lau urte barru, joan den maiatzaren 26an egin zuten bezala, gure kezka azaldu nahi dugu orain arte ikusitakoagatik. 

Gobernu baten lehen eginkizuna da bere gobernu programa diseinatzea eta aurkeztea. Alkatetzaren dekretu baten bidez jakin genuen ekainaren 26an kontsulting politikoko enpresa bat kontratatu zela legegintzaldiko plan hori egiteko. Gaur-gaurkoz gobernu taldeak, EAJkoak, ez du programarik aurkeztu, eta galdera derrigorrezkoa da; noiz aurreikusten dute aurkeztea? Nola antolatu dituzte Amurriok dituen lehentasunak? Nola da posible www.amurrio.org/gardentasun-atariaren webgunean oraindik "2016-2019 Legegintzaldiko plana" erreferentzia izatea? 

Esperientzia, gaitasuna eta lidergoa nabarmendu zituzten, eta orain arte ikusitakoa kontrakoa izan da. "Antolaketa berrira moldatzen ari gara" edo "hasi besterik ez gara egin" argudioek ez digute balio. Legealdi batean lehen hilabeteek berebiziko garrantzia dute, aldi horretan finkatzen baitira ibilbide-orria, lehentasunen agenda, Amurriorako proiektua, azken finean. Ilusioa eta lanerako gogoa mantentzen ditugu. 

EH Bildu Amurriok prentsaren, Hauxe Da-ren edo Amurrioko Udala-ren Twitter-en bidez ezagutu ditu alkatetzak hartutako erabakietako asko; ezin zaio horri gobernu ona deitu. Egun, teknikariak dira gobernu-taldearen jarduera salbatzen dutenak.  

Oposizioko talde nagusi gisa, gobernu honen jarduera fiskalizatzeaz gain, Amurriok dituen lehentasunen inguruko proposamenak egingo ditugu, orain arte egin dugun bezala, herritarrekin eta udalerria aberasten duten elkarte eta erakunde sozialekin batera. Gure lehentasuna? Jendea, pertsonak.

Horregatik, EH Bildu Amurriok oposizio erabilgarria eta eraikitzailea egiteko konpromisoa hartzen jarraitzen du, gobernuari politika sozialen, feministen, euskararen aldeko politiken eta Amurrioko herritar guztien bizitza hobetzeko balio duen guztiaren garapena sustatzeko eskatuz.