AKTUALITATEA


| 2019-12-16 19:19:00

EH Bildu Amurriok salatu du ikasteko gelen inguruko eztabaida Udal Gobernuak denboran atzeratu duela. Izan ere, aurreko astean eta epe barruan “ikasteko gela duin, erabilgarri eta eraginkorrak” sortzeko proposamena luzatu zion EH Bilduk udal gobernuari. Baina, nahiz eta epe barruan egon eta beste arrazoi edo argudiorik eman gabe, abenduan egingo den Herritartasun Batzordean landu beharrean urtarrilekoan landuko dela erabaki du gobernu horrek.

                  

“Ezinbesteko jotzen dugu proposamen honen lanketa, azterketa garaian eta denboran luzatu eta errepikatu den egoeraren aurrean gaudela kontuan hartuta. Gure ustez, Amurrioko udal gobernua, EAJ alderdia, bereak ez diren proposamenak oztopatzeko ahaleginetan dabil”, esan du Iraidek. 

 

Proposamen honen berri hedabideetan eman zen egun berean, abenduaren 9an alegia, udalak liburutegi eta Reforreko gabonetako ordutegiak argitaratu zituen. EH Bilduk azpimarratu duenez, horrela “gabeziak estali” nahi ditu Udal Gobernuak. Hori dela eta, EH Bilduk gardentasunaren aldeko apustua egiteko eskatu nahi dio Amurrioko udal gobernuari, guztion proposamenek eta ahotsek tokia duten udal baten aldeko apustua, alegia. 

 

Bestalde, EH Bilduk antzokiaren arautegia beharrezkoa ikusten du, gaur egun erabilpenerako arau zehatzen faltak kontraesan eta desorekak sortzea ahalbideratzen duelako. Horrela gauzak, 2020an unean garatzen ari den proposamena luzatuko du EH Bilduk espazio kulturalen garrantzia kontuan hartuta eta herritarren eskubideen bermea lortze aldera. “Gure asmoa ez da inondik inora lana oztopatzea, hobetzea baizik. Horregatik hemen adierazitakoen arrazoia argi utzi nahi dugu: gure lana ahalik eta ondoen egiteko udal gobernuaren jarrera gardena eta eraginkorra izan dadin”, laburbildu du Iraidek.