EH Bilduko Harreman Politikoetarako idazkari Gorka Elejabarrieta Yamandu Orsi Uruguaiko presidente hautatu berriarekin bildu da asteazken honetan Montevideon. Bilera Orsi presidentearen bulegoan izan da, Diputatu eta Senatarien Ganberan zein Independentzia Plazan kargua hartu eta lau egunera.
Euskal Herriaren eta Uruguairen arteko lotura historikoak indartzeko baliatu dute bilkura, eta joan den ostegunetik EH Bilduko ordezkaria Uruguaira egiten ari den bisita politikoaren barruan kokatzen da. Elejabarrietak eta Orsik legealdi honetan bi herriek dituzten erronka politiko eta sozialei buruz hitz egin dute luze eta zabal, eta Uruguaiko presidenteak ere interesa agertu du Euskal Herriko egoeraz.
Elejabarrietaren hitzetan, Yamandu Orsiren gobernuaren hasieran eta bost urteren ostean ezkerrak gobernua berreskuratu izanak "itxaropenari ate bat irekitzen dio eta argi eta garbi erakusten du Fronte Zabalak indarrak batzeko egindako apustuak fruitu onak ematen dituela". Elejabarrietaren arabera, Uruguaiko esperientziak erakusten digu "batzen gaituena banatzen gaituenaren gainetik jartzen badugu, gai garela elkarrekin gauza handiak egiteko eta herri hobeagoa eraikitzeko". "EH Bildu da Euskal Herriko fronte zabala, hazten eta babes gehiago jasotzen jarraituko duena", Harreman Politikoen idazkariak gogoratu duenez.
Egunotan Elejabarrietak modu aktiboan parte hartu du Yamandu Orsiren kargu hartzearen harira antolatutako ekitaldietan, eta, besteak beste, gobernu berriko Presidentetza idazkariarekin (Alejandro 'Pacha' Sanchez), Diputatuen Ganberako presidentearekin (Sebastian Valdomir), Defentsako ministroarekin (Sandra Lazo) eta Fronte Zabalari babesa ematera Montevideora joandako nazioarteko hainbat ordezkaritzarekin bildu da.
Topaketa bateratua Euskal Etxean
Kaleetako mobilizazio masiboetan agerian geratu da Orsiren presidentetzak Uruguaiko herriaren itxaropena, ilusioa eta poza piztu dituela, bost urte geroago ezkerreko gobernua izango baitu. Horregatik, Elejabarrietaren iritziz, "Uruguaik erakutsi du bizirik dagoen herria dela, ezkerreko fronte zabala inoiz baino indartsuago dagoela eta herritarrek itxaropenez begiratzen diotela etorkizunari". Aurrerantzean ere bidea elkarrekin egiten jarraitzeko konpromiso irmoa nabarmendu du.
Era berean, Uruguaira egindako bidaia aprobetxatu du Elejabarrietak Norma Morroni (Uruguaiko giza eskubideen aldeko borrokalari nekaezina eta 1994ko abuztuaren 24an Filtroko sarraskian hildako Fernando Morroniren ama) bisitatzeko eta harekin hitz egiteko.
Uruguain dauden zortzi Euskal Etxeetako ordezkariekin ere bildu da modu bateratua; horietako hiru Montevideon daude. Euskaro zentroan egindako bazkarian, Elejabarrietak euskal diasporaren kezka eta aldarrikapenak aintzat hartu ditu, eta Uruguaiko egoera politikoaz hausnartzeko eta haien bizipen pertsonalak lehen pertsonan entzuteko aukera izan du. Topaketa bateratuan EAJko eta Eusko Jaurlaritzako kide banak ere parte hartu dute.