Hego Euskal Herriko Mahai Politikoak abian jarri du azaroaren 29an egingo diren Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaitzak osatzeko hauteskundeak aurreratu ostean ad hoc diseinatutako parte-hartze prozesua.
Urriaren 16an bilduko da ezker subiranistaren zuzendaritza, Hego Euskal Herriko lau herrialdeen hautagai-zerrendak proposatzeko: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Bilkideek urriaren 17an eta 18an berretsi ahal izango dituzte proposamenak, bozketa telematikoaren bidez.
Kongresurako eta Senaturako EH Bilduren hautagaitza astelehenean, urriaren 19an, aldarrikatuko da. Antolakuntza Idazkaritza buru-belarri ari da lanean zerrendak osatzeko, Arnaldo Otegik joan den asteleheneko agerraldian planteatutako erronkari erantzunez: Euskal Herria defendatzea, bloke atzerakoiari partida irabaztea eta euskal herritarrei beren eskubideak zabaldu eta blindatzeko itxaropen ortzi-muga eskaintzea.
Horretarako, herritarren egunerokotasunean eragina duten arazo zehatzei ere erantzun behar zaie, besteak beste, etxebizitza eskuratzeko eskubideari, hain oinarrizkoa den eskubideari; hain justu, hori izango da lehentasun nagusietako bat datorren hauteskunde-zikloan.