Pernando Barrena Europako Parlamentuko EH Bilduko diputatua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadin. AEBren eta Errusiaren artean Ukrainari buruz egiten ari diren negoziazioen inguruan galdetu diote eta adierazi duenez, «eskandalua da bi potentziak hirugarren herrialde bati buruz negoziatzea. Ukraina espoliazio-egoeran eta lurraldea galduta dago. Europak elkarrizketa erraztu behar du, baina Europa hartzen ari den papera kontraesankorra da Europari eskatzen zaion autonomia estrategikoarekin».
Berrarmatzeko plana eta EBren segurtasun-estrategia ere etengabeko hizketagai izan dira. Barrenaren ustez, planteamendua porrotera bideratuta dago. «Europako autonomia estrategikoa guztiz bateraezina da NATO bezalako eskema militar bateko kide izatearekin, AEBen kanpo-politikaren baitako hertsatzeko tresna baita. Eta berrarmatzea ikuspegi horretatik abiatzen den proposamena», esan du. «Berrarmatzea ez da ezertarako aukera. Zaila da pentsatzea segurtasun eskema bat Errusiaren aurka. EBk AEBrekin hartzen dituen erabakien arazoa da esku hori ez askatzearen ideiari eusten diola oraindik, interes kontraesankorrak ditugun arren», berretsi du. Murrizketen politikei buruz ere ohartarazi du. «Berrarmatze-politikek austerizidio-politikak berrargitaratzera eramango gaituzte, gastu soziala eta deskarbonizaziora bideratutako gastua murriztuz. Finlandian gertatzen ari da. Gure bizi-kalitatean eta ongizatean eragingo digu», azpimarratu du.