EH Bilduk Donostian itxi du hauteskunde-kanpaina Maddalen Iriartek, Arnaldo Otegik eta David Fernandez CUPeko bozeramaile ohiak parte hartu duten ekitaldi batekin. Lehendakarigaiak azpimarratu duenez, kanpaina amaitu da oraindik inork ez dakienean nola bermatuko den igandean herritar orok duen botoa emateko eskubidea, Lakuako eledunek egoera kontrolpean dutela dioten arren, datuek gero eta irmoago errefusatzen dituztelako adierazpen horiek. Zalantzaz beteriko egoera horri, hain justu, heldu dio Iriartek eta Jaurlaritzaren jokaera salatu du. “Kanpaina ixten ari gara eta ez dakigu Administrazioak herri honetako pertsona guztien boto eskubide demokratikoa bermatuko duen ere”.
Hori dela eta, EH Bilduren lehendakarigaiak “Mendia eta Urkulluren Gobernuari” eskatu dio “jendeari argi hitz egin diezaiola eta esan dezala nola bermatuko duen hauteskundeetan berdintasunean parte hartzeko eskubide demokratikoa”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiei ere dei egin die Iriartek, “igandean beren haserrea adieraz dezaten hautestontzietan”. Izan ere, “euren interes partikularrak pertsona guztien osasunaren aurretik jarri dituztenei mezu ozen eta argia helarazteko garaia da”.
Hautagai independentistak salatu duenez, larria eta onartezina da botoa emateko eskubidea kentzea koronabirusak kutsatutakoei. Horixe da Jaurlaritzaren asmoa, Osasun sailburuak gaur bertan iragarri duenaren arabera, baina, Iriarteren aburuz, “onartezina da hauteskundeak baino bi egun lehenago Mendia-Urkullu gobernu koalizioak herritarrei zalantza mota horiek helaraztea”. Iriarte kezkatuta agertu da horregatik, eta gogorarazi du egoera honen arduradunek izen-abizenak dituztela. “Hauteskundeak deitu zituzten jakinda ez zirela berme sanitario eta demokratiko guztiak betetzen. Bazekiten berragerraldiak izateko arrisku handia zegoela, ez zituzten oposizioaren proposamenak entzun nahi izan eta orain ez dute botoa emateko eskubidea bermatzeko B planik ere”.
EH Bilduren lehendakarigaiaren iritziz, gertatzen ari dena begien bistan uzten ari da Urkulluren Administrazioak ez duela “osasun baldintzen gaineko kontrolik”, egunero foku berriak agertzen direlako komunikabideetan. “Zifra dantza ulertezin batean gaude eta ez dago ez informazio argirik ez neurri sendorik ezinegon orokor honi amaiera emateko”.
Arnaldo Otegi: “Egoerak eskuetatik ihes egin dio berriro ere Jaurlaritzari”
Iriarte bezala, Arnaldo Otegi ere kezkatuta agertu da birusaren berragerraldiekin, bere iritziz, agerikoa delako “egoerak eskuetatik ihes egin diola berriro ere Jaurlaritzari”. Esan duenez, “mundu guztiak ikusi du Gobernu honek lehentasuna eman diela hauteskundeei osasunaren gainetik, eta hori ezin da berriro gertatu; herritarren osasuna eta ongizatea beste edozein interesen gainetik jarriko dituen gobernua behar dugu, konfiantza izateko gobernu bat behar dugu, egia esango duen gobernu bat behar dugu”.