AKTUALITATEA

| 2020-06-28

“EH Bilduren botoak balio bikoitza dauka: LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak gauzatzea eta kolektibo hori zapaldu nahi duten Abascal, Cayetana eta enparauak geratzea”. Maddalen Iriartek hala esan du gaur arratsaldean Bilbon Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko manifestazioan parte hartu aurretik. Berak ez ezik, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak eta Ikoitz Arrese hautagaiak ere bat egin dute deialdiarekin.

LGTBI+ mugimenduaren eskubideen defentsak egunerokoa izan behar duela azpimarratu ostean, EH Bilduren lehendakarigaiak ohartarazi du “kolektibo horren eskubideak zapaldu nahi dituztenak gure artean daudela egunotan”. Hortaz, “ezin gara erlaxatu, deskuidatzen bagara, hemen izango ditugulako, Europako eta munduko leku askotan gertatzen ari den bezala”.

LGTBI+ kolektiboak Euskal Herrian urte luzez egi duen borroka aitortu eta eskertu du Iriartek, eta azaldu du EH Bilduk bat egin duela sexu askapenaren aldeko gaurko deialdiarekin “argi eta garbi esateko gurea dela pertsona guztien askatasunarekiko konpromisoa”. Hala, “Jaurlaritzara LGTBI+ aldarrikapenak eramatera eta politika sendoak, feministak eta eraldatzaileak bultzatzera” konprometitu da EH Bilduren izenean, “LGTBI+ pertsonei urratzen zaizkien eskubide guztiak bermatu behar dizkiegulako, bai eta diskriminazioaren kontra borrokatu ere”. Izan ere, “merezi dugun herria eraiki nahi dugu, herri justua eta duina, eta horretarako LGTBI+ pertsona guztien eskubide guztiak bermatuko dituen herria behar dugu. Prozesu horretan jarraituko dugu, urteko egun guztietan ez soilik gaur. Guztiok libre izan arte!”.