AKTUALITATEA

| 2019-05-09

EAJk EH Bildu-PP ustezko pintza salatu du gaur enegarrenez, baina, Iker Casanovak adierazi duenez, Ortuzarren alderdiak “hobe luke barregarri geratzeari uztea”. Horixe eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak, “irrigarria delako sinestezina den tesi bat defendatzea eta, gainera, objektiboki faltsuak diren datuak erabiltzea horretarako”. Izan ere, zenbaki objektiboek erakusten dute legealdian zehar PPk bozkatu dituen EH Bilduren ekimenak halako zazpi bozkatu dituela EAJ eta PSErekin, hain justu EH Bilduren aurka. Hori da benetan Legebiltzarrean dagoen pintza, EAJ-PSE-PP hirukoak osatzen dutena. Gaur bertan horren azken adibidea izan dugu, hirurek bat egin dutelako pentsioak hobetzea ekarriko zuen Nerea Kortajarenaren proposamena atzera botatzeko.

Casanovak berretsi du, hortaz, EAJk hobe lukeela “barregarri geratzeari uztea” eta, horri jarraituz, “euskal herritarren inteligentzia politikoa ez iraintzeko” eskatu dio. “EH Bilduk eta PPk akordio bat dugun tesia hain da burugabea ezen inork ez duen sinesten, EH Bildu harresirik sendoena izan delako beti PPk ordezkatzen duenari aurre egiteko. EAJgatik balitz, aldiz, Rajoyk presidentea izaten jarraituko luke eta Maroto Gasteizko alkatea litzateke oraindik”. Casanovaren iritziz, “gobernatzeko arazoak baldin baditu, EAJk akordioak bilatzeari ekin beharko lioke, horrelako argudio arin eta zentzugabeak erabilita oposizioari eraso egin ordez”.

EAJren akusazioen zentzugabekeria are handiagoa da gainera kontuan hartzen bada gaur bertan EH Bilduk lege bat, Kultura Ondareari buruzkoa, hitzartu duela EAJ eta PSErekin. Eta oposizioak merkataritzari buruz aurrera atera duen proposamenari dagokionez, “inoiz ezin daiteke Gobernuaren jarduna oztopatzeko saiotzat har, lege bat onartzeaz ari garelako, eta legebiltzar batean ezer ez dago hori baino eraikitzaileagorik”.