AKTUALITATEA

| 2019-11-08

“Faxismoari aurre egiteko beste aukera bat dauka euskal gizarteak igandean. Vox eta bere bazkideek alderdi independentistei egindako ilegalizazio mehatxuei erantzuteko aukera daukate euskal herritarrek, hautestontziak boto subiranistekin eta independentistekin beteta, EH Bilduren botoekin”. Hala mintzatu da gaur Iñaki Ruiz de Pinedo Gasteizen, atzo Madrilen trifatxitoak alderdi independentistak legez kanpo uzteko onartu zuten proposamena hizpide. EH Bilduren hautagaiak ohartarazi duenez, “Estatuan Vox da agenda politikoa zehazten duena, Abascalen batuta baita Espainiako eskuinen orkestra zuzentzen duena. Vox eta Abascalek jarritako musikarekin egiten dute dantza eta subiranisten batasunak eta elkarlanak bakarrik ken diezaiekete batuta Abascal eta Voxi, Euskal Herriko eta Kataluniako herritarren esku uzteko”.
Arabako zerrendaburuak salatu du atzokoa “demokraziaren kontrako beste eraso bat dela, enegarrena, Estatu espainolean gero eta indar handiagoa duen kontrarreforma antidemokratikoaren beste adibide bat”. Horren ildotik, gogora ekarri du alderdi independentisten ilegalizazioa ez dela kontu berria Euskal Herrian, oraingo mehatxuak iraganean gauzatu baitzituzten “gaur EH Bilduren barruan dagoen kultura politiko bat legez kanpo utzita”.
Hain justu, EH Bilduk bere baitan bat egin duten kultura politiko ezberdinetako ordezkariak, Kongresuan eta Senatuan aritutakoak, elkartu ditu Gasteizen kanpainako azken egunean. Izan ere, Ruiz de Pinedok azpimarratu duenez, “Espainiako ultraeskuinari aurre egingo zaionaren bermea izan dira beti EH Bildu eta bere barruan dauden kultura politiko ezberdinak; edozein eremutan eta beti faxismoari aurre egin diogu eta hemen dauden gizon-emakumeak faxismoaren aurkako borroka horren eredu nagusiak dira. EH Bilduren ADNa beti izan da eta beti izango da antifaxista eta subiranista”.
Francisco Letamendia Ortzi: “Autodeterminazioa, aldarrikapen demokratikoa”
Ekitaldian parte hartu duten EH Bildu osatzen duten kultura politikoetako ordezkarien artean, Francisco Letamendia Ortzi–k hartu du hitza. Bera 1977tik aurrera izan zen diputatua Madrilen eta gaur “garai hartan egin zenaren eta egungo egoeraren artean dagoen loturaz” aritu da. “Autodeterminazio eskubidea ez dela eskubide nazionalista bat, demokratikoa baizik”, azaldu du, eta euskal borrokaren mugak zabaltzearen alde agertu da. Bere iritziz, “borroka hori izan behar da alderdi politiko aglutinatzaile bat, mugimendu sozial sendo bat eta eraikitze-mugimendu teoriko bat”.
Letamendia bezala, diputatu eta senatari ohi ugari izan dira EH Bilduren ekitaldian, koalizioaren kultura politiko ezberdinen ordezkari: Joseba Azkarraga, Rafa Diez, Esther Larrañaga, Jose Luis Elkoro, Marian Beitialarrangoitia, Rafa Larreina, Iñaki Antiguedad, Sabino Cuadra, Iñigo Iruin, Anjel Alkalde, Iñaki Aldekoa, Iñaki Goioaga, Alberto Unamunzaga eta Maite Aristegi.
Eta haiekin guztiekin eta Ruiz de Pinedorekin batera, bertan izan dira, baita ere, Oskar Matute eta Mertxe Aizpurua, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak hurrenez hurren, Idurre Bideguren senataria, Garazi Dorronsoro Senaturako Arabako hautagaia eta Oihan Mendo Nafarroakoa.