AKTUALITATEA

| 2019-12-10

EH Bilduk kezka adierazi du gaur Podemosek Jaurlaritzarekin adostu dituen aurrekontuak “eskuinaren betiko aurrekontu berberak direlako, Lakuak PPrekin hitzartu zituenak; aurrekontu berrituak dira berriak baino”, Iker Casanovak azaldu duenez, Podemosek negoziazioan zehar egin duen ekarpena (aurrekontu osoaren %0,75) “anekdotikoa” izan delako. “Muinean, aurreko urteetako aurrekontu berberak dira eta hori kezkagarria da porrot egin duten politikei segida emango dietelako. Akordioa txarra da egiturazko politika bat bera ere aldatzen ez duelako”.
Casanovak argitu duenez, “zilegi da Podemosek aurrekontuak EAJrekin adostea, baina akordioa txarra da, eta hori da kritikatzen duguna, akordioaren edukia. Edozein alderdik eskubidea du, eta zilegi da, bere ildo politikoa goitik behera aldatzeko, baina akordioa justifikatzeko Podemos egiten ari den diskurtsoa larria da; ez da onargarria eskuinaren politikak zuritzea eta egia ez esatea egin duen aldaketa justifikatzeko”.
Horren haritik, Leire Pinedok ohartarazi du akordioaren baitan txertatutako 112 milioi euroko konpromiso kredituak, ustez 2021etik 2027ra egikaritu beharrekoak, “kea baino ez direla, Jaurlaritza ez dagoelako kreditu horiek aplikatzera derrigortuta eta bere esku egongo delako inbertsio horiek gauzatzea edo ez”.
Gainera, diru-kopuru hori, ia osorik, Jasangarritasun Energetikoaren Legea 2027ra bitartean betetzera bideratuko da, nahiz eta lege horren arabera Gobernuak 2020an 100 milioiko inbertsio egiteko obligazioa duen. Hau da, “Podemosek legea 2027ra arte ez betetzeko aukera eman dio eta lorpen gisa aurkeztu du Gobernuak berez, legeak aginduta, egin behar duena. Benetan lortu duena legea betetzea ala ez negoziagarria izatea da, eta hori, politikoki, oso larria da”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Diru-Sarrerak Bermatzeko Legearekin ere gauza bera egin du Podemosek: horren aplikazioa negoziagarri bilakatu da eta Jaurlaritzak ez betetzea ontzat eman du”. Izan ere, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan (DBE) adostu duten %4ko igoerak murrizketak betikotzen ditu eta ez du konpentsatzen aurrekontuen proiektuan Gobernuak murriztu zuen finantziazioa (20 milioi gutxiago); hau da, “2020an 2019an baino diru gutxiago egongo da DBEren sistema finantzatzeko, nahiz eta pobrezia etengabe zabaltzen ari den, Caritasen azken txostenak erakutsi bezala”.
Politika feministak ere hizpide izan ditu Pinedok: “Behin eta berriz esan digute genero ikuspegiak 1.200 milioiko inpaktua izango duela aurrekontuetan, baina hori ere ez da egia, Jaurlaritzaren arabera, 330 milioikoa baita, aurrekontu osoaren %2,8a, eta Ogasun sailburuak berak aitortu zuen aurreko urteekin alderatuta ez dagoela apenas aldaketarik”.
EH Bilduko legebiltzarkideak “akordioa nola edo hala loditu eta janzten” saiatzea egotzi die Lakua eta Podemosi, “dagoeneko eginda dauden elementuak saltzeraino”. Hala, “etxebizitza arloan alokairuaren prezioen erreferentzia indizea sortzea txertatu dute akordioan, baina hori azaroan esleitu zion Jaurlaritzak EHUri, eta hutsik dauden etxebizitzen erregistroa ere sartu dute, baina erregistro hori martxan dago urtarrilaz geroztik”. Eta merkataritzan berdin, Merkataritza Txikia Digitalizatzeko Plana aurrekontuen negoziazioaren fruitu bezala aurkeztu baitute, hori Legebiltzarrak urrian onartu zuenean.
Akordioaren beste bi puntu ere aipatu ditu Pinedok. Batetik, irakasle jubilatuei zor zaien kalte-ordaina. “Legebiltzarrak zorra kitatzeko agindua eman zion Gobernuari EH Bildu, Podemos eta PPrekin botoekin, baina akordioan agindu hori desagertu da eta, horren ordez, aldeek negoziatzea planteatzen da”. Eta bestetik, atea irekitzen zaio Lakuako konfiantzazko eta goi mailako kargu guztiek antzinatasuna kobratzeari, orain arte Podemos horren kontra agertu arren.
Horrek guztiak frogatzen du, Pinedoren iritziz, prozesu hau “aurrekontuen negoziazio serio bat baino kosmetika eta marketing ariketa bat izan dela, aldez aurretik hartutako erabaki bat nola edo hala janzteko”.