AKTUALITATEA

| 2019-11-04

Arnaldo Otegik frankismoa eta faxismoa gelditzeko EH Bilduren borondate eta konpromiso irmoa berretsi du gaur arratsaldean Etxarri Aranazen Bel Pozueta Nafarroako zerrendaburuarekin batera, eta bertan salatu du “Espainiako Estatuan, faxismoari aurre egin beharrean, zuritu egiten” dutela. Izan ere, “frankismoarekin adosten dute gobernuen osaketa, esaten dituzten astakerien aurrean isildu egiten dira eta frankismoa goratzeko ekitaldiak zuzenean erretransmititzen dituzte telebistetan”. Bada, “noiz utziko dute legez kanpo frankismoa Espainiako Estatuan, Alemanian nazismoarekin egiten duten moduan?”, galdetu du Otegik, eta ziurtatu du “Euskal Errepublikan frankismoa eta faxismoa legez kanpo egongo” direla.

Horren haritik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak gaur gauean telebistan emango duten debatea ekarri du gogora, bai eta Abascal Vox-eko ordezkaria bertan izango dela kritikatu ere, “legez kanpo uztearekin mehatxu egiten diguna”, hain justu. Bere hitzetan, “Espaniako Estatuan naturaltasun osoz hartzen dute Vox-eko frankistek hauteskunde debateetan eta instituzioetan parte hartzea, baina eskandalua da ni telebista publikoan elkarrizketatzea”, Azken batean, esan du, horrek guztiak agerian uzten du “Espainiako Estatuan arazoa demokratak garela, subiranistak eta independentistak; alegia, frankismoak eta faxismoak inoiz lekurik izango ez duten herri eta gizarte hobeak eraiki ahal izateko eta jendeak botoa eman ahal izateko hautestontziak jarri nahi ditugunak”. Eta horri jarraituz, erantsi du: “Euskal gizartearen esku egongo balitz, frankismoaren ordezkariak ez lirateke gaurko debatean egongo, euskal herritarrok ordezkaririk gabe utzi genituelako”.

Frankismoa eta faxismoa zuritzen ari diren egoera politiko honetan, Otegik ezinbestekotzat jo du Bel Pozueta Nafarroako hautagaia, Iñaki Ruiz de Pinedo arabarra bezalaxe, Kongresura eramatea. “Nafarroan boto aurrerakoi eta abertzale guztia kontzentratu behar da Bel Madrilera eramateko; balore atzerakoi eta murriztaileak ordezkatzen dituztenen eta balore feminista, ekologista, sozialista eta euskaldunak ordezkatzen ditugunon artean hautatu behar da”. Gainera, EH Bilduko buruzagiaren iritziz, Bel Pozuetaren hautagaitza “sigletatik harago doa, Belek hautu politiko bat baino gehiago ordezkatzen duelako: emakumea, feminista, euskalduna, subiranista eta Altsasun eginiko injustiziaren aurkako ikurra ere bada. Injustizia ororen aurkako bandera da Belek altxatzen duena. Herri oso baten duintasuna ordezkatzen du; horregatik eraman behar dugu Altsasu Madrilera”.

Bel Pozueta: “Nafarroan Vox-eko frankistak UPN, PP eta Ciudadanosekin batera aurkezten dira”

Nafarroako zerrendaburuak ere frankismoaren mehatxuari erreparatu dio Etxarrin, eta gogorarazi du “Nafarroan Vox-eko frankistak UPN, PP eta Ciudadanosekin batera aurkezten direla” datorren igandeko hauteskundeetan. Horren aurrean, Bel Pozueta harrituta agertu da, “orain batzuk eskandalizatzen ari direlako Vox-eko mezuekin eta diskurtsoekin, Nafarroan aspalditik, eta inork eskuak burura eraman gabe, entzuten ari garen mezu berberekin”, eta azpimarratu du zer nolako garrantzia duen egoera honetan “Nafarroatik ere EH Bildu Kongresuan ordezkaturik egoteak”. Bere esanetan, “Espainiako eskuinei eta bultzatzen ari diren inboluzioari aurre egingo dien ahots indartsua behar dugu Madrilen Nafarroako subiranistek, abertzaleek, demokratek eta aurrerakoiek, Nafarroako gehiengoaren interesak defendatuko dituena, oinarrizko eskubide demokratikoen aurka murrizketa ekonomiko eta sozialak bultzatzen ari direnei aurre egingo diena”.