AKTUALITATEA

| 2019-11-01

Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduko Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak, hurrenez hurren, Laudion izan dira gaur eguerdian, hauteskunde kanpainaren baitan koalizioak Araban egin duen lehendabiziko ekitaldi nazionalean. Matutek duela egun gutxi batzuk Llotja de Marreko manifestuan argi irudikatu zen subiranisten elkarlanaren eta indar metaketaren garrantzia azpimarratu du, “horrek bakarrik ekidin dezakeelako Pedro Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontrarreforma autoritarioan sakontzeko”. Honen ildotik, erantsi du Bizkaiko zerrendaburuak, “subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik egingo du ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea”.

Ohartarazi duenez, Sanchezek bazter utzi du apirileko hauteskundeetako kanpainan zabaldu zuen mezu, ustez, berritzailea eta “gaur betiko PSOE” baino ez du ordezkatzen. “Sanchezek eta Estatuko botereek iraganerako bidaia batean sartu nahi gaituzte, ez dute nahi gizarte eta herri hobeak eraiki ahal izateko Kataluniak eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubide demokratikoa praktikan jartzea”, baina “horren guztiaren aurrean Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten elkarlana dago, oinarrizko balio demokratikoen defentsarako indar metaketa dago, hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen delako”.

Matutek gogora ekarri du gaur Pedro Sanchez bera dagoela Euskal Herrian, “baina gaur ezin izango du kontatu oraingoan bai, oraingoan ados jarriko dela Podemosekin”. Izan ere, “gaur ez dator aurreko hauteskunde kanpainako mezuarekin, ez, PSOE berrituko zuelako mezu hura bidean galdu zelako, eta gaur egun Sanchez betiko PSOE delako eta betiko PSOE ordezkatzen duelako”.

“Sanchezek argi utzi zuen hauteskundeak deitu zituenean: ez du nahi indar subiranistek baldintzatuko gobernu bat, Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisia konpontzeko duen soluzioa kontrarreforma antidemokratikoa delako, eta, jakina, ekuazio horretan ez gara sartzen independentistak, eta Podemos ere ez. Estatuko botereen nahia eta borondatea kontrarreforman sakontzea da, eta horretarako alderdi handien arteko Estatu itunak behar dituzte”. Hortaz, berretsi du Matutek, kontrarreforma hori galarazteko modu bakarra subiranistak hauteskundeetatik indartsu baino indartsuago ateratzea da, Madrilgo Gobernua baldintzatu ahal izateko.

Iñaki Ruiz de Pinedo: “Araban, edo EH Bildu edo PP, edo demokrazia edo inboluzioa”

Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburuak ere kontrarreforma demokratikoaren arriskuez ohartarazi du Laudion, mehatxu horri aurre egiteko borrokan Araban bereziki “asko dugulako jokoan hauteskunde hauetan”. Horren ildotik azaldu duenez, “Araban aukerak argiak dira: edo EH Bilduk lortzen du ordezkaritza edo, bestela, PPk lortuko du. Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa, eskubideak edo murrizketak, hori da jokoan dagoena”. Hori dela eta, “aurrerakoiak eta ezkerrekoak sentitzen diren eta balio demokratikoetan sinesten duten arabarrei” EH Bildu bozkatzera deitu die, “EH Bildu delako aukerarik onena, ondoen ordezkatuko dituena eta, gainera, PP eta Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utziko dituena”.

Horri jarraituz, Ruiz de Pinedok aipatu du gaur Pablo Casado PPko buruzagia Araban dagoela “gu guztioi inposatu nahi diguten inboluzio antidemokratikoaren errezeta azaltzeko”. Horren aurrean, baina, “euskal gizarteak azaroaren 10ean aukera izango du apirileko hauteskundeetan eman zuen lezioa berriz ere errepikatzeko eta Espainiako eskuina berriz ere ordezkaririk gabe uzteko. Berriz ere aukera izango dugu Casado eta enparauei esateko euskal gizarteak ez duela nahi ez inboluziorik ez murrizketarik, herritar guztien eskubideak errespetatuko diren gizarte demokratiko batean bizi nahi dugula”.