AKTUALITATEA

| 2020-07-06

“Mendia-Urkullu koalizioaren aldeko botoa erabakitzeko eskubidearen aurkako botoa da”, ohartarazi du Maddalen Iriartek gaur arratsaldean Errenterian, eta, beraz, datorren igandean “boto subiranista bakarra EH Bildu izango da”, erantsi du. Horren haritik, “hautestontziak boto subiranistez betetzeko” deia egin eta “boto subiranista bat bera ere ez dadila Mendia-Urkullu koaliziora joan” eskatu du. “Inork ez dezala bere burua engainatu. Urkulluri botoa ematea PSOEri botoa ematea da, eta Mendiari botoa ematea EAJri botoa ematea da. EH Bilduren aldeko botoak bakarrik ordezkatzen du herri honen erabakitzeko eskubidea”. Bada, igandean “bi aukera baino ez daude”, Iriarteren iritziz: “Mendia-Urkullu koalizioa edo EH Bildu; edo ukoekin jarraitzea edo zutitzea, justizia sozialean oinarritutako herri txukun bat eraikitzeko”.

EH Bilduren lehendakarigariak salatu duenez, Mendiak eta Urkulluk “hauteskunde-marka bera ordezkatzen dute, erabakitzeko eskubidearen aurkakoa dela argi utzi duen koalizio bat, Mendiak behin eta berriz esan baitu PSErekin ez dela erabakitzeko eskubiderik egongo”. Hori dela eta, Iriartek galdera zuzena egin dio Urkulluri: “Zergatik egin diozu uko herri honen gehiengoak bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeari? Zein da uko egitearen prezioa?”.

Horri jarraituz, “ukoen koalizioa” osatzea egotzi die EAJ eta PSEko hautagaiei. “Ukoen koalizioa dira: justizia sozialari uko egiten diote, gutxieneko soldata duinari uko egiten diote, 1.080 euroko gutxieneko pentsioei uko egiten diete... Mendia-Urkullu koalizioak uko egin dio herri duina eraikitzeari, eta orain herri hau berreraikitzeko garaia da”.

Arkaitz Rodriguez: “EH Bildu ezkerreko boto eraginkorra da”

EH Bilduren lehendakarigaiaren alboan Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako zerrendakidea izan da Errenterian, eta bertan ziurtatu du orain dela “unea eskuinaren ia 40 urteko gobernuekin amaitzeko, gehiengo sozial aurrerakoia Gasteizko Legebiltzarrera eramateko, politika publikoak jendearen zerbitzura jartzeko, Maddalen Iriarte Okiñena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen emakume lehendakari bihurtzeko”.

Hori guztia erdiesteko, Rodriguezek ezinbestekotzat jo du “boto subiranista eta ezkerreko bat bera ere etxean ez geratzea” eta guztiak EH Bildun kontzentratzea, EH Bildu baita “ezkerreko boto eraginkorra, eskuina kentzeko aukera duen ezkerreko indar politiko bakarra”. Inkestak inkesta, hauteskundeen emaitza erabakita ez dagoela gogorarazi eta ziur agertu da “partida dagoela eta igandean EH Bilduk ezustekoa emango duela”. Izan ere, azaldu duenez, “Mendia-Urkullu tandemak proiektatu nahi duenaren kontra, aldaketa posible da herrialde honetan; are gehiago, eskura dago gehiengoa garelako uste dugunok ez dela onargarria krisi honen kostuak berriro ere betikoen bizkar jartzea; alderdi politiko jakin baten txartela edukitzeak ez liokeela inori abantailarik eman behar enplegu publiko bat lortzeko orduan; moralaren aurkakoa dela milaka milioi diru publiko xahutzea errentagarritasun sozial eta ekonomikorik gabeko azpiegituretan, hezkuntza eta osasuna bezalako zerbitzu publikoen finantziazioa murrizten den bitartean; ez dela morala gure adinekoen zaintzarekin negozioa egitea”.