Albisteak

Legebiltzarrak ponentzia sortuko du, EH Bilduk proposatuta, autogintzak dituen erronkei heltzeko

Miren Larrionek autogintzak euskal ekonomian duen pisu estrategikoa azpimarratu eta funtsezkotzat jo du politika publikoak planifikatzea egun ziurgabetasunean bizi den sektore hori arrakastaz gara dadin.

Legebiltzarra | 2019-03-28 08:56:00

Kontuan hartuta autogintzak euskal industrian eta ekonomian duen pisua –oso nabarmena Gasteizen, esaterako–, sektorea egun ziurgabetasunean eta zalantzan bizi dela eta atzeraldian sartzeko arriskua ere baduela iraultza digital eta teknologikoaren ondorioz, Legebiltzarrak EH Bilduren proposamena onartu eta ponentzia sortzea erabaki du. Lantalde horrek xede izango du “euskal automozioaren sektorearen etorkizuna aztertu eta arlo honetako beharrei egokitutako politika publikoko proposamen zehatzak egitea, berehala aurreikusten diren erronka ekonomiko, teknologiko, ekologiko eta industrialen aurrean euskal autogintza-sektorearen lidergo posizioa bilatzeko”. Podemos eta PPk bat egin dute EH Bilduren proposamenarekin; EAJ eta PSEk, ordea, kontrako boza eman dute.

Miren Larrionek azpimarratu duenez, “autogintzaren sektorea gure industria ehunaren sektore garrantzitsuena da eta, ondorioz, bereziki estrategikoa da, eta bertan oso sakonak diren aldaketak gertatzen ari dira, trantzisio ekologikoarekin, disruptiboak diren teknologien agerpenarekin, mugikortasunaren eta merkatu globalen egituraren bilakaerarekin erlazionatuta daudenak”. Hori horrela, Legebiltzarrak sortuko duen ponentzia lagungarria izango da Jaurlaritzak lidergoa har dezan, “lidergo publiko hori funtsezkoa izango baita euskal industriak, oro har, eta automobilaren sektore industrialak, bereziki, modu planifikatuan eta euskal gizarte osoaren interesekiko koherentziaz ekin diezaioten erronka horri”.

Larrionek automozioaren izaera estrategikoa nabarmendu du, sektorean 300 enpresa baino gehiago –Mercedes Gasteizen eta Irizar Ormaiztegin, besteak beste– aritzen baitira sektorean, guztira, 85.000 lagun ingururi lana emanda. “Automozioa enplegu industrialaren %20, Barne Produktu Gordinaren %25 eta esportazioen %35 da”, baina, euskal ekonomian duen pisua hain handia izan arren, “inflexio puntu batean dago, tarte laburrean aurre egin beharko dielako iraultza teknologiko eta digitalari, ingurumen arloko erronkei, aldaketa sozialei eta gero eta handiagoa den globalizazioari”. Hori guztia aintzat hartuta, EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, ezinbestekoa da Administrazio Publikoak planifikatzea, ponentzia parlamentario batean kasu honetan, ea zer nolako politikak behar diren euskal automozioaren sektoreak arrakastaz ekin diezaien etorkizuneko erronka horiei guztiei.