Albisteak

Legebiltzarrak ponentzia bat sortzea proposatu dugu haurren aurkako sexu abusuen biktimei babesa emateko

Oihana Etxebarrietak azaldu duenez, “Parlamentuak Justiziaren lana osatu behar du biktimen egia aitortzeko, prebentziorako neurriak hartzeko eta aurrerantzean horrelako erasoak saihesteko mekanismoak jartzeko”.

Legebiltzarra | 2019-04-01 14:42:00

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosekin batera, haurren kontrako sexu abusuak ikertzeko ponentzia bat sortzea proposatu du gaur, azken hilabeteotan 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetan jazotako eraso askoren kasuak argitara ateratzen ari direlako, Eliza katolikoaren barruan horietako asko, eta Legebiltzarrak Justiziaren lana osatu behar duelako, are gehiago kontuan hartuta kasu gehienak preskribaturik daudela. Proposamenaren aurkezpenean Garaitza, Save the Children eta Infancia Robada elkarteek ere parte hartu dute.

Oihana Etxebarrietak adierazi duenez, “bide judiziala garrantzitsua bada ere, ez da bakarra; badaude biktimen egia aitortzeko eta jendarte bezala prebentziorako ditugun tresnen gainean hausnartzeko eta berriz ez errepikatzeko bermeak ezartzeko moduak, eta hori izango da hain justu proposatu dugun ponentzia parlamentarioaren lana. Izan ere, hainbat biktimek eskatzen dute gertatutakoa aitortzea, egungo zein etorkizuneko haurrei berriz ez gertatzeko bermeak jartzea eta biktimei babesa emateko bitartekoak ipintzea”.

Hala, EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du ponentziak, besteak beste, “prebentziorako, detekzio goiztiarrerako, babeserako, berriz ez errepikatzeko bermeak ezartzeko eta erreparaziorako elementuak identifikatuko ditu eta giza eskubideen urraketa larria diren haurren kontrako abusuen gaineko egia eraikitzeko eta memoria kolektibo eta historikorako ekarpena egingo du”.