Albisteak

Iriartek publikoki eztabaidatzera dei egin dio Urkulluri, EAJren errezeta zaharrak eta EH Bilduren erantzun berriak alderatzeko


EAJko lehendakarigaiak ETBko eztabaidetan soilik parte hartuko du eta Iriartek eztabaidetatik ihes egitea egotzi dio. “Ez du haren proiektua EH Bildurenarekin neurtu nahi. Jendeak bi aukera ditu, edo EAJren errezeta zaharrak edo EH Bilduren erantzun berriak, eta bakoitzaren proposamenak ezagutu behar ditu”.

EH Bildu | 2020-06-25 14:29:00

Maddalen Iriartek “EH Bildurekin eztabaidatu nahi ez izatea” eta “gertukoekin soilik hitz egitea” egotzi dio gaur Urkulluri, azken honek ETBko eztabaidetan bakarrik parte hartzea erabaki baitu. EAJko lehendakarigaiak “ez du bere proiektua EH Bildurenarekin alderatu eta neurtu nahi”, salatu du Iriartek, eta, Urkulluk ez bezala, eztabaidarako prest agertu da. “Gure proiektuak neurtu nahi ditugu eta kanpaina honetarako iragarritako eztabaidetan parte hartzera dei egiten diogu Urkulluri, hori gardentasun kontua baita, herritarrekiko errespetua, demokrazia kontua finean”.

Iriartek adierazpenok Gasteizen egin ditu, EH Bilduren beste hainbat hautagairekin batera lan bilera batean parte hartu ostean. Kanpaina hasteko ordu gutxi batzuk baino falta ez direnean, koalizioaren lehendakarigaiak azaldu du “uztailaren 12an Covidek eragindako krisi sanitario eta sozioekonomikotik nola aterako garen erabakiko dela”, eta EH Bildu erronka horri ekiteko prest dagoela azpimarratu du. “Euskal herritarrek bi aukeraren artean hautatu beharko dute: EAJk ordezkatzen dituen errezeta zaharrak ala EH Bilduk ordezkatzen dituen erantzun berriak”.

Horren haritik, eztabaida publikoen garrantzia nabarmendu du, “herritarrek jakin behar dutelako gutako bakoitzak zer proiektu aurkezten duen, zer proposamen duen; proposamen politiko bakoitzaren alde onak eta txarrak ikusi behar dituzte, eta hautagai nagusien arteko eztabaidetan ikusten dira hobekien aldeak”.