AKTUALITATEA

| 2020-07-09

Kanpaina amaitzeko egun bat baino falta ez denean “Ordiziatik iristen zaizkigun albiste kezkagarriak” gogoan ekin dio Maddalen Iriartek gaur arratsaldeko ekitaldi elektoralari Gasteizen, non prebentzio neurri guztiak hartzeko eta kontuz eta erne ibiltzeko eskatu baitie herritar guztiei igandeko botazioari begira. EH Bilduren lehendakarigaia kezkatuta agertu da, eta galdegin du “inork ez dezala interes elektoralak osasun interesen aurretik jartzeko tentaziorik izan”. Aditzera eman duenez, “asteartean Urkulluk 19 kasu iragarri zituen, baina 35 ziren; atzo Osasun sailburuak ez zituen datuak eman prentsak galdetu arte. 48 ziren, eta gaur 58 dira eta Ordizian gehiago ote diren beldur dira. Zifrak zifra, kezka dago eta mesedez eskatzen dugu inork ez dezala osasun publikoarekin jolastu. Mendiaren eta Urkulluren Gobernua behingoz elkarlanean hasteko beste arrazoi bat da” Ordizian eta Goierrin gertatzen ari dena.

Kezka, gainera, areagotzen ari da desinformazioaren ondorioz, ohartarazi du Iriartek. “Ordiziako gure alkateak informazio guztia eskatu du; zifra dantza ikaragarria ikusten ari gara azken egunetan eta horrek herritarren nahasmena eta beldurra elikatzea besterik ez du egiten. Desinformazioak kezkatzen gaitu, beste batzuetan ikusi dugun zerbait delako. Zaldibarkoa bezalako eskandalu batetik gatoz eta han Mendiaren eta Urkulluren Gobernuak informazioa ezkutatu zien herritarrei, zabortegiaren inguruan hodei toxiko bat zegoenean. Herritarrei egia esango dien gobernu bat merezi dugu eta EH Bildutik esan nahi dugu ez dela morala interes ekonomiko eta alderdikoiak pertsonen osasunaren aurretik jartzea”.

Mikel Otero: “Faxismoaren eta murrizketen aurkako bermea”

Arabako zerrendaburu Mikel Oterok politika egiteko bi modu daudela azaldu du: batetik, “politika aberasteko modu bat” dela uste dutenena; bestetik, EH Bildurena, “jendeari bermeak eskaintzeko” dagoena. “Hitza izan behar da eta EH Bilduren botoa bermea da faxismoaren aurrean, aurrerabidearen bermea, murrizketen aurkakoa, berme subiranista”.

Eskuin muturraren mehatxua ere hizpide izan du, inkesten arabera, Araban eserleku bat jokoan dagoelako eta Voxek, boto gutxi batzuengatik, Legebiltzarrean sartzeko aukera duelako. Hori dela eta, Oterok Ama Zuriaren Plazan bildutakoei ohartarazi die “igandean asko dugula jokoan Araban eta Euskal Herrian”. Bere esanetan, “gure herriaren etorkizuna dugu jokoan, bai eta krisiari irtenbide duina ematea, murrizketak saihestea eta demokrazia bera ere. Hori horrela, bi aukera baino ez daude Araban: edo demokrazia indartzea edo faxismoari atea irekitzea, edo EH Bildu edo Vox”.

Horren harira, zerrendaburuak EH Bildu faxismoaren aurkako bermea dela ziurtatu du, eta gogora ekarri du jada eskarmentua duela horretan. “Bi aldiz eskatu digute arabarrek Espainiako eskuinari atea ixtea eta bi aldiz egin dugu, lehenago Maroto Gasteizko Alkatetzatik ateratzeko, eta gero Sotosalbosera bidaltzeko. Orain Ortega Smith eta Abascal gelditzeko eskatzen digute eta berriro egingo dugu. Birritan egin badugu, hirugarrenean ere egingo dugu”.

Arnaldo Otegi: “Bete ezinezko promesak egiten ez dituen bakarra da EH Bildu”

Gasteizko ekitaldian Arnaldo Otegik ere hitza hartu du. Koordinatzaile nagusiak azpimarratu du EH Bildu dela “bete ezin dituen promesak egiten ez dituen bakarra”. Azaldu duenez, “gu gara ahotsik gabekoen ahotsa izateko konpromisoa hartzen dugun bakarrak, Gobernu honek mespretxatutakoen ahotsa izango gara, pentsiodunena, hezkuntza-komunitatearena, sektore publiko eta pribatuko langileena, gure presoen senideena... Itxaropena gara herri honentzat eta ordena jartzera gatoz bete gabeko promesen, gezurren eta ageriko ezintasunen kaos honetan, gure herriaren eta bertako langileen aurka egunero egiten dituzten bidegabekerien eta gehiegikerien kaos honetan”.