AKTUALITATEA

| 2020-05-12

“Ikasturte amaierari dagokionean Jaurlaritza egiten ari den kudeaketa oso eskasa da. Onartezina eta sinestezina da fase hori antolatzeko orduan Hezkuntza Sailak eskuak garbitzea eta berari dagokion ardura orain ikastetxe eta familien gain utzi nahi izatea. Sekulako arduragabekeria da. Lehenbizikoz, ikastetxeak datorren astelehenean berriz irekitzea inposatzen saiatu zen, aldez aurretik hezkuntza komunitatearekin negoziatu eta adostu gabe, eta orain, sektoreko eragileen oposizioa erabatekoa dela ikusirik, erabaki horren ardura ikastetxeetako zuzendaritzei eta familiei egokitu nahi die, bere erantzukizuna onartu eta akordioak bilatu beharrean”.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “Hezkuntza Saila agerian uzten ari da bat batean hartzen dituela erabakiak, inprobisatuz, inolako planifikaziorik gabe eta inorekin hitz egin gabe, eta egun pairatzen ari garen egoerak zerbait eskatzen badu, planifikazioa eta adostasunak bilatzea da, hain justu, esku artean dugun egoera konplexuak konfiantza sortzea eskatzen duelako ikastetxeei eta familiei segurtasuna emateko”.

Horri jarraituz, Uberak atzera egiteko eta ikasturte amaiera sektorearekin negoziatu eta adosteko eskatu dio Hezkuntza Sailari. Izan ere, “haren ardura da hezkuntza eta osasun irizpideak berme guztiekin garatu ahal izango direla ziurtatzea eta behar diren plangintzak, protokoloak, neurriak eta baliabide guztiak ematea; ez familiek ez ikastetxeek ez dituzte baliabide horiek eta ez da bidezkoa horrelako erabaki garrantzitsuak euren eskuetan uztea, erantzulea, berez, Hezkuntza Saila denean”. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du Jaurlaritzaren planteamenduak osasun arriskua areagotuko lukeela gainera, “zeren eta nola bermatuko luketen ikastetxeek prebentzio neurriak betetzen direla, aldez aurretik ikastetxe bakoitzeko prebentzio planak eta neurriak zehaztu ez badira”.

Azkenik, Uberak gogora ekarri du Legebiltzarrak EH Bilduren proposamen bat eztabaidatuko duela datozen egunotan, hain justu, Jaurlaritzari eskatzeko ikasturte amaieraren planifikazioa hezkuntza komunitatearekin kontrastatu eta adostu dezala, osasun irizpideak bermaturik.