AKTUALITATEA

| 2020-07-09

EH Bilduk euskal ustelkeriaren epizentrora, “zero zonara”, eraman du gaur hauteskunde kanpaina, Miñaoko Parke Teknologikora, De Miguel auzia azaleratu zen tokira. Bertan, Maddalen Iriartek azpimarratu du igandean herritarrek “ustelkeriari amaiera emateko aukera” izango dutela, “klientelismoa, lagunkeria eta entxufismoa amaitzeko aukera”. Bere hitzetan, “kutxa publikoetatik lapurtutakoa hautestontzietan ordainarazteko unea iritsi da”, eta hori lortzeko, azaldu du, EH Bildu da balio duen botoa. “EH Bilduren boto-paperak zintzotasuna eta erregenerazio demokratikoa irudikatzen ditu. 120 udal baino gehiago ditugu gure ardurapean eta zero ustelkeria kasu ditugu”.

Lehendakarigaiak ez du ahaztu nor den De Miguel eta nola baliatu zen EAJn eta Arabako Foru Aldundian zeukan posizio politikoaz komisio ilegaletan ia milioi bat euro kobratzeko. “Ustelkeria, baina, ez da salbuespena gure herrian, araua baizik, EAJ ez delako bere etxe barruko ustelkeria geldiarazteko gai izan”. Hala, Iriartek gogora ekarri duenez, “gero eta luzeagoa da politika, gizartearentzako zerbitzu gisa baino, aberasteko modu gisa ulertzen duten pertsonen zerrenda: De Miguelen kasuan ia milioi bat euro desagertu zen komisioetan eta 16 milioi iruzurrezko operazioetan, baina De Miguel kasu asko daude. Alonsotegi, 17 milioi desagertuta; Karrantza, 10 milioi desagertuta; Marguello, 6 '8 milioi desagertuta; Osakidetza kasua dugu, Gipuzkoako Ogasunaren kasua, Balenciaga…”, guztiak EAJri lotutakoak.

Mikel Otero: “EH Bildu frankismoari agur esateko bermea da”

Mikel Oterok, bere aldetik, Voxen arriskuaz ohartarazi du, inkesten arabera Arabako azken eserlekua lortzear egon litekeelako. Partida hori, azaldu du Oterok, Abascalen alderdiaren eta EH Bilduren artean jokatuko da, oso boto gutxitan gainera; ondorioz, Arabako zerrendaburuak boto antifaxista guztiak eskatu ditu,EH Bilduren boto-paper bakoitza horma bat baita faxismoaren aurrean”. Gogorarazi duenez, hori frogaturik dago: “Memoria dugu, Arabak memoria du, eta eskarmentua dugu eskuin xenofoboari atea ixten. Birritan egin dugu eta behar beste aldiz egingo dugu. Maroto Gasteizko alkatetzatik atera genuen eta gero Sotosalbosera bidali ere. EH Bildu frankismoari agur esateko bermea da”.