Albisteak

Herri honek ez du merezi Zalbidarkoa bezalako tragedia baten ostean horrela jokatzen duen gobernu bat


Urkulluk azalpenak eman beharko ditu asteartean Legebiltzarrean, EH Bilduk hala eskatuta. “Herri honek egia osoa jakitea merezi du. Zaldibarren bi erantzule daude, enpresa eta Jaurlaritza, eta asko dago argitzeke”.

EH Bildu | 2020-02-13 14:22:00

EH Bilduk eskatuta, Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agertuko da azkenean, datorren asteartean, Zaldibarko ezbeharra dela eta Jaurlaritzak eginiko kudeaketaren inguruko xehetasunak emateko. Legebiltzarreko Mahaiak EH Bilduren eskaria onartu du gaur eta, hori berez albiste ona bada ere, Mikel Oterok “berandu ibiltzea” egotzi dio lehendakariari. “Urkullu behartuta etorriko da, ez bere borondatez. Propio etorri behar zuen, oposizioko alderdi batek eskatzeko beharra izan gabe, hain larria den egoera honek hala eskatzen zuelako lehen momentutik”.
Duela astebete jada gertatu zen ezbeharraren harira Jaurlaritzak eginiko kudeaketa salatu du Oterok. “Herri honek ez du merezi horrelako tragedia baten aurrean modu horretan jokatzen duen gobernu bat, herri honek egia osoa esaten duen gobernu bat merezi du, eta egia osoa ez da mahai gainean egon lehendabiziko momentutik; sekulako informazio falta egon da eta gauza asko daude argitzeke”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Zaldibarren bi erantzule daude: batetik, zabortegiko enpresa, gauzak, antza, gaizki egin dituena; bestetik, erantzukizun politikoa zeukana, Jaurlaritza, alegia. “Ikuskaritza eta kontrol lanak ez zituen behar bezala egin eta ez zituen hartu tragedia gertatu aurretik hartu behar ziren neurriak; hemen ez da buruzagitza politikorik egon, ez da beharrezkoa zen erantzuna eman eta arduradun nagusiak mutu eta isilik egon dira. Herritarren eta oposizioaren presioak bakarrik bultzatu ditu azalpenak ematera”.
Oterok Jaurlaritzan ohikoa den modus operandi bera ikusi du Zaldibarren ere. “Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan berdin egin gertatu zen: lehendabizi, arazoaren ukazioa, kontua txikia balitz bezala, gero informazioa ezkutatzea eta saihestea eta azkenean bakarrik, eta herritarrek eta oposizioak behartu dituztelako, azalpenak”.
EH Bilduko ordezkariak EAJren erreakzio bortitza ere kritikatu du. “Ez da onargarria orain horrelako asaldatze itxurak egitea arazoa besteena izango balitz bezala eta arazoa beste batzuei bota nahian”.