AKTUALITATEA

| 2020-05-19

- Euskal preso politikoek pairatzen duten salbuespenezko espetxe politika salatu nahi du Euskal Herria Bilduk, kolektibo horretako kideei dagozkien eskubideen kontrako neurriak ezartzen dituelako; hala nola, presoen sakabanaketa eta urruntzea, gaixo dauden eta adinez nagusiak diren presoak edota zigorren 2/3ak edo 3/4ak beteak dituzten presoak espetxeratuta mantentzea. Konponbidean aurrera egin nahi bada, salbuespenean eta salbuespenezko kartzela politikan oinarritutako jarduera horiek amaitu egin behar dira.

- Salbuespen egoera honek Patxi Ruiz presoa bizitzen ari den egoera bezalakoak egotea dakar berarekin; muturreko egoeran dago, eta bere bizitza ere arriskuan dago. Espainiako Estatuaren ardura da preso guztien egoera fisikoa eta haien eskubideak bermatzea, bera baita azken arduraduna.

- Patxi Ruizen egoera larriari premiazko konponbidea aurkitzeko, bere esku dagoen guztia egiten ari da Euskal Herria Bildu. Bere bizitza salbatzea eta dagozkion giza eskubideak bermatzea da gure lehentasun eta helburu nagusia.

- Patxi Ruiz lehenbailehen bisitatzeko beharrezkoak diren izapideak egingo ditu Bel Pozueta diputatuak, bere egoera zein den lehen eskutik ezagutzeko asmoarekin. Halaber, bere egoeraz dugun kezka ere helaraziko dio Pozuetak, bere egoerari konponbidea bilatzeko egiten ari diren lanen berri ematearekin batera.

- Patxi Ruizen senideei eta hurbilekoei elkartasuna adierazi nahi die Euskal Herria Bilduk, bizitzen ari diren une hauek oso gogorrak direlako. Era berean, euskal preso politiko guztien eskubideak errespetatuak izateko lanean jarraitzeko gure konpromisoa berretsi nahi diegu.