AKTUALITATEA

| 2019-11-26

Euskal herritarren oinarrizko eskubide demokratikoak urratzeagatik zigortu du, berriro ere, Espainiako Estatua Estrasburgeko Giza Eskubideen Epaitegiak, kasu honetan, euskal presoen eskubide prozesalak ez errespetatzeagatik. Euskal presoei bermedun lege prozesurako sarbidea eta tribunal independente eta inpartzial baten modu publiko eta ekitatiboan entzuteko eskubidea ukatzen zaiela esan du Europako Giza Eskubideen Epaitegiak. Hau da, euskal presoen defentsa eskubidea urratzeagatik eta babes helegiteak bidegabeki ez onartzeagatik zigortu du Estraburgeko epaitegiak Espainiako Estatua. Presoei ezarritako sistema arbitarioa da eta oinarrizko demokraziaren estandarretatik aldendua dago.

Euskal herritarrek Espainiako Estatuko Justiziarako duten sarbidearen inguruan behin baino gehiagotan kondenatu du Europak Espainiako Estatua. Bateragune auzian, esaterako, Espainiako Estatua zigortu zuen prozesatutako pertsonek prozesu inpartzialik ez zutelako izan, eta torturekin zerikusia duten hainbat kasutan zigortua izan da, kasuak ikertu nahi ez izateagatik...

Herritarrei eskaintzen dien kalitate demokratikoaren inguruan hausnartzera behartu beharko lukete Espainiako Estatua Europatik datozen zigor eta erresoluzioek. Kasu honi dagokionez, agerian uzten du indarrean daukan salbuespenezko espetxe politika, arbitrarietatean eta mendekuan oinarritutakoa, eta egiaz demokratikoa den sistema batean erabat zentzugabea dena. Espainiako Estatuak indarrean daukan espetxe politikak ez dauka zentzurik bizi dugun garai politikoetan, eta ez ditu errespetatzen euskal preso politikoen kolektiboak dituen eskubideak.