AKTUALITATEA

| 2019-10-15

1. Epai hau, Auzitegi berak Altsasuko gazteen inguruan berriki iragarritakoarekin eta beste hainbatekin batera, Estatu espainolaren ezaugarri eta izaera autoritario eta antidemokratikoaren frogarik argiena da.

2. 78ko Erregimenak pairatzen duen krisi politiko, ekonomiko eta lurralde-arlokoari errepresio eta autoritarismo bidez erantzuteko Estatuko botereek hartutako erabakiaren logikaren barruan sartu behar da epai hau.

3. Benetako Kontrarreforma bat martxan jartzea erabaki dute, Erregimen hori salbatzeko. Estrategia horren barruan sartzen dira askatasunen murrizketa, gure eskubide nazional eta sozialen urraketa, printzipio demokratikoekiko mespretxua, eta gure nahi nazional, errepublikar, subiranista eta progresistak erreprimitzeko mehatxua eta bortxa etengabe erabiltzea.

4. Urteetan ari gara salatzen Estatu honek autoritarismoa eta errepresioa egin dituela bere erantzun bakarra, gure herrien eskari legitimoen, eta gure langile eta herri-klaseen nahien aurrean.

5. Katalunian zabaldutako gerra ekonomikoari edo 155. artikuluaren aplikazioari eta artikulua bera etengabe erabiltzearen mehatxuari, izaera penaleko estrategia bat gehitu zaio orain, gure herrien eta bertako herritarren borondate librearekiko errespetutik abiatuta gure etorkizuna eraiki nahi dugun guztien aurkakoa. Epai hau dugu Estatuak, botere judiziala tresna politiko huts gisa hartuta, gure herrien autodeterminazio-eskubidea defendatzen dugunontzat ezarritako prezioaren gailurra. Horixe da Estatu honen erantzuna: gerra ekonomikoa, 155 eta espetxea.

6. Zer esango dute orain proiektu guztiak, modu baketsuan eta demokratikoan planteatuz gero, posible zirela esaten zuten haiek? Estatu espainola ez da gai arazoa termino demokratikotan konpontzeko, ez da gai Estatuaren plurinazionaltasuna errespetatzeko, ez da gai eta ez da gai izango Estatuko herriekin aurrez aurre jartzen duen arazo politikoa konpontzeko autodeterminazio-eskubidearen errespetua bide bakarra dela ulertzeko. Ezer berririk ez Espainiako Erresuman.

7. EH Bilduk bere konpromiso argi eta garbia adierazi nahi du, halaber, gure helburu politikoak lortzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzearekin. EH Bilduk bere konpromisoa berresten du Euskal Herriak ere berandu baino lehen bere etorkizun politikoa erabaki beharko duela finkatzeko, euskal herritarrek modu libre eta baketsuan eta demokratikoki adierazitako borondatearen muga bakarrarekin. EH Bilduk gaur adierazi nahi du, irmotasun handiagoz beharbada, bere konpromisoa balio errepublikar, subinarista eta ezkertiarrekin. EH Bilduk ez dio utziko Euskal Errepublika aldarrikatzeari eta errepublika posible egiteko lan egiteari.

8. EH Bilduk independentista kondenatuei, haien senitarteko eta lagunei, eta Kataluniako herri anaiari, gure bihotza inoiz baino hurbilago dagoela beren irrika eta nahi errepublikarretatik adierazi nahi die une latz hauetan.

9. EH Bilduk, azkenik, deialdia egin nahi dio Euskal Herriari deitutako mobilizazio guztietan parte har dezan, ez soilik Kataluniako herriarekin bere elkartasuna adierazteko, baita ere preso guztien askatasuna eta erbesteratuen itzulera aldarrikatzeko, herrien autodeterminazio-eskubidearekin batera.