AKTUALITATEA

| 2019-12-31

EH Bilduko Mahai Politikoak honako proposamena egiten die bere oinarriei, Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestiduraren aurrean:

Eslogan politikoaz askoz haratago doan gogoeta erakutsi du azken bi hauteskunde-kanpainetan Euskal Herria Bilduk: esaten duena egiten du eta egiten duena esaten du EH BILDUk. Bere hitza betetzen du EH BILDUk.

Bizitzea egokitu zaigun garai historiko hauetan, printzipiorik ezak, sendotasun politikorik ezak, postureoak eta “politikoki zuzenak” gero eta nabarmenagoa den sinesgarritasun-galerara eraman dute Europako ezkerraren zati handi bat. Aldi berean, erabateko sinesgarritasun-galera horrek nahi ez den eta benetan katastrofikoa den ondorioa izan du herrientzat eta langile-klaseentzat eskuin muturren eta autoritarismoaren etengabeko igoerarekin.

EH BILDUn lanean ari gara etengabeko norberaren sinesgarritasun-galerako fenomeno horrek euskal ezker independentista eraginpean har ez dezan. Sinesgarritasuna, eredua, zintzotasuna eta kolektiboaren lehentasuna, indibidualismoa lehenesten duen politika konbentzionalaren aurrean, baita jarduera politikoan ere.

Euskal Herria Bilduk ildo garbi eta koherentea mantendu du, eta horren erakusgarri izan da, besteak beste, 2017ko ekainean Espainiako Kongresuan zituen aulkiak konprometitu izana Europako alderdi ustelena Gobernutik kentzeko, Mariano Rajoy presidentearen aurkako zentsura-mozioa ahalbidetuz.

Bizi dugun koiuntura politikoan 78ko Erregimenaren krisia estrukturala da eta gure aurrean dugun Estatua inertzia historiko jakin batzuetan ainguratuta dago, inertzia horiek Estatua bera betiere izaera autoritarioko erabakiak hartzera bideratzen dutelarik. Argi eduki behar dugu hori: Erregimenaren krisiak esan nahi du eskuin muturrak eta Espainiako eskuintzarrak gidatutako irtenbide posiblea ez dela hipotesi burugabea, baizik eta, goiz edo berandu, posibilitate hori agian nagusitu egingo dela Estatu espainolean.

Errealitate horren aurrean eta gure herriaren interesak kontuan izanda, posizio irmo eta garbia mantendu du EH Bilduk bere jarduera politikoan zein gure hautesleekiko bere konpromiso-diskurtsoan.

Honako parametro hauen bidez agertu da posizio hori:

  • Kanpainan hartzen dituen konpromisoak betetzen ditu EH BILDUk: eskuin autoritario espainiarra kenduko genuela esan genuen eta hala egin dugu: Madrilen egin genuen, Nafarroan egin dugu, Gasteizen egin dugu...

  • Langileen interesen eta neoliberalismoak gehien astindutako sektoreen interesen defentsaren aldeko apustua egiten du EH BILDUk. Sanchezen gobernuaren dekretu sozialak onartuz egin genuen, kudeatzen dugun bakoitzean egiten dugu, oposizioan egiten dugu eta sinatzen dugun akordio bakoitzean egiten dugu. Izandako atzerakada larriei buelta emateko unea dugu: pentsioak, lan-baldintzak...

  • EH BILDUk konpromisoa hartu zuen autodeterminazio-eskubidea defendatzeko eta Estatu osoko subiranistekin aliantza egiteko: ez dago Llotja de Marko Deklarazioa baino adibide hobeagorik agindu genuena bete dugula esateko.

  • EH BILDUk konpromisoa hartu zuen euskal preso, deportatu eta erbesteratu politikoen alde lan egiteko. Egungo espetxe-politika aldatzeko, gaixorik dauden presoen askatasuna lortzeko eta sakabanatzea amaiarazteko borrokatzera konprometitu ginen...

PSOEko delegazio batekin izan dugun lehenengo elkarraldi publikoak mahai gainean jarri dugun agenda horixe dela egiaztatzen du. Egiten duena esaten du eta esaten duena egiten du EH BILDUk. Horixe izango da EH BILDUk Espainiako Kongresuan eta Senatuan defendatuko duen euskal agenda soziala.

Estatuan molde autoritarioko irtenbideak etengabe bilatzeko inertzia dagoela esaten genuen. Egungo koiunturan, eta Estatu “sakonaren” eta elite ekonomikoen interesekin beharbada bat ez datorren logika batetik begiratuta, PSOEren eta Podemosen arteko koalizio-gobernu bat eratzeko aukera zabaldu da.

Ez dagokio orain aztertzea zergatik hipotesi gertagarri horrek aurrera egin duen, ziur asko, logika politikoaren eta Estatu-arrazoiaren aurka, horren arabera eskuinaren eta PSOEren arteko gobernu-koalizio bat izango bailitzateke gomendagarria.

Dena dela, gure ikuspuntutik begiratuta, gure posizio politikoaren jarraitutasuna eta gure planteamenduen koherentzia mantentzea eskatzen du inbestidura honek.

EH BILDUk uste du, eszeptizismorik gabe ez bada ere, Podemos-PSOE Gobernu batek “aukera bat” ireki dezakeela soluzioen estrategia bat gaitzeko, elkarrizketatik abiatuta, batez ere espetxe-politikari, eskubide sozialen defentsari eta Estatua eraginpean hartzen duten lurralde-arazo eta arazo nazionalen inguruko elkarrizketa politikoa, gutxienez, irekitzeari dagokienez. Ez gara inozoak. Badugu esperientzia, baina bene-benetan uste dugu gure hautesleekin dugun konpromisoak argi eta garbi eskatzen digula:

  • Gure euskal agenda soziala defendatzea.

  • Posizio erkide bat koordinatzen saiatzea Estatuko indar subiranistekin (gutxienez indar kopururik handienarekin).

  • Beste aukerarik ez ematea eskuin muturrari Estatu espainoleko Gobernua eskuratzeko, ezta bere politikek aurrera egiteko ere.

  • Aztertzea, eszeptizismotik, aukera bat zabaltzeko posibilitatea gai jakin batzuk bideratzen hasteko, irtenbide premiazkoa behar baitute –ez bakarrik termino politikotan, baita emozional eta humanitariotan ere–, hala nola preso eta erbesteratuen kasuan.

Hori horrela, bozketara eraman nahi du Mahai Politikoak proposamen hau:

ADOS ZAUDE EH BILDUK ESPAINIAKO KONGRESUAN DITUEN BOST DIPUTATUEK ABSTENTZIO AKTIBOAREN BIDEZ PEDRO SANCHEZ PSOEKO HAUTAGAIAREN INBESTIDURA AHALBIDETZEAREKIN, ESPAINIAKO GOBERNUKO PRESIDENTE IZAN ETA UNIDAS-PODEMOS ALDERDIAREKIN GOBERNUA ERATU DEZAN?