Albisteak

EH Bilduk parte hartuko du bihar Eskubide Sozialen Kartak publiko eta funtsezkoaren alde deitutako mobilizazioetan


EH Bilduren iritziz, koronabirusak eragindako krisialdiak irtenbide justua izango du horren diseinuan jendartea zuzenean inplikatzen bada bakarrik.

EH Bildu | 2020-06-18 11:54:00

EH Bilduk bat egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin eta kalera aterako da bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta 45 herritan `Publikoa eta funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza’ lelopean. EH Bilduren aburuz, pandemiak are ageriago utzi du ez dagoela bizitza duinik eskubide sozialak eta sistema publiko sendo bat bermatu ezean eta, hortaz, bere karguek eta militanteek parte hartuko dute biharko mobilizazioetan. Izan ere, Ander Rodriguez legebiltzarkideak dioenez, “koronabirusak eragindako krisialdiak irtenbide justua izango du horren diseinuan jendartea zuzenean inplikatzen bada bakarrik; berez, gaur DSBE bezalako babes sistema bat daukagu duela 30 urte bultzada komunitario argia egon zelako horren alde eta gaur ere, garai hartan bezala, bultzada hori behar-beharrezko dugu herritar guztien babesa hobea eta handiagoa izan dadin”.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eragile sindikal eta sozial ugari biltzen ditu eta biharko mobilizazioetan ondorengo aldarrikapenak egingo ditu, besteak beste: zerga erreforma bat krisia kapitalak ordain dezan, zerbitzu publikoak garatu eta indartzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astea.