Albisteak

“EH Bilduk modu argian defendatuko du erabakitzeko eskubidea Madrilen”, ziurtatu du Aizpuruak, eta galdetu du beste euskal alderdiek ere gauza bera egingo ote duten


Gipuzkoako zerrendaburuak erabakitzeko eskubidearen defentsan EH Bildu bermea dela esan du Bergaran. Ez da Podemosekin fio, eskubide hori defendatzetik berau praktikan jartzea korapilatsua dela esatera pasatu baita.

EH Bildu | 2019-11-03 12:56:00

Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak “herri bezala dagokigun erabakitzeko eskubide demokratikoa Madrilen defendatzeko konpromisoa” hartu du gaur Bergaran EH Bilduren izenean euskal gizartearen aurrean, eta ziurtatu du koalizioak “modu argian eta zalantzarik egin gabe” defendatuko duela, “Bartzelonako adierazpena izenpetu zuten Estatuko herrietako gainontzeko subiranista guztiekin batera”. Horri jarraituz, bermatu du “EH Bilduk ez duela erabakitzeko eskubidearen aldeko testu bat onartuko instituzio batean eta handik bi egunetara eduki ia berdina daukan beste testu bat kritikatu, eraikitzailea ez dela esanez”.

Hori dela eta, Aizpuruak galdera zuzena egin die erabakitzeko eskubidea defendatzen dutela dioten beste euskal alderdiei: “Modu argian eta alderdi interesei erreparatu gabe defendatuko duzue Madrilen Euskal Herriari dagokion erabakitzeko eskubide demokratikoa?”. Eta zuzenean jo du Podemosengana, bere iritziz, alderdi horren posizioa ez dagoelako batere argi: “Podemosen zein bertsiorekin geratu behar gara? Sorrerakoarekin edo Roberto Uriarte bere hautagaiak berriki esan duenarekin, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea korapilatsua dela gurea bezalako gizarte anitz batean?”.

Horrelako diskurtso anbiguoak alde batera utzita, Gipuzkoako zerrendaburuak ohoretzat jo du Llotja del Mar-eko adierazpenaren sinatze ekitaldian EH Bildu ordezkatu izana, eta azpimarratu du bertan jasotako gutxieneko programa izango dela “Madrilen egingo dugun jardunaren ardatza”; hots, autodeterminazio eskubidearen defentsa, preso politikoen askatasuna aldarrikatzea eta politika sozial aurrerakoiak bultzatzea.

“Autodeterminazio eskubidea gure herriak demokratizatzeko tresna eraginkorrena” dela azaldu du Aizpuruak, “are eta gehiago kontuan hartzen badugu Espainiako Estatua inboluzioan sakontzeko bidea hartu duela”. Horren ildotik, Estatuak aldarrikapen demokratiko horri ematen dion erantzun antidemokratikoa kontrajarri du Eskozian eta Quebec-en burututako prozesu demokratikoekin. “Bere etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dauka euskal gizarteak, eta hala adierazi du behin baino gehiagotan kalean zein instituzioetan, Gasteizko Legebiltzarrak 1990ean egin zuen bezala; ez da gutizia bat, gure herriari, hemen bizi eta lan egiten duen euskal herritar bakoitzari dagokion eskubidea da, eta Eskoziak eta Quebec-ek egin badute, zergatik ezin dugu egin Euskal Herriak eta Kataluniak?”.

Galdera horrek duen erantzuna argia da, EH Bilduko hautagaiak salatu duenez. “Espainiako Estatuak ez dauka zerikusirik Erresuma Batua eta Kanada bezalako herrialde aurreratuekin. Ez digu erabakitzen uzten eta horretarako gelditzen zaion tresna bakarra erabiltzen du: indarra eta errepresioa, justizia estamentuak baliatuta. Estatuak ez du ezer jakin nahi erabakitzeko eskubideaz eta oinarrizko printzipio demokratikoen errespetuaz. Guk, ordea, jendarte aurreratua eraiki nahi dugu, erabat demokratikoa, herritarrak zaindu eta babestuko dituena, baina gero eta argiago dago herri eta jendarte aurreratuez guk dugun ikuspegia eta Espainiako Estatuak daukana gero eta aldenduago daudela”.

Maddalen Iriarte: “Ezta boto abertzale, subiranista eta ezkertiar bat etxean geratu”

Mertxe Aizpuruarekin batera aritu da Bergaran Maddalen Iriarte ere, eta Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak boto ematera dei egin die ezkerreko abertzale eta subiranista guztiei, “gure herriaren etorkizuna jokoan dagoelako”. Azaldu duenez, “EH Bildun ondo eta indartsu gaude eta esku-eskura daukagu emaitza ona lortzea”, baina ezinbestekoa da “sentsazio on horiek datorren igandean boto bihurtzea”. Beraz, azpimarratu du, “ezin gara despistatu, datorren igandean boto abertzale, subiranista eta ezkertiar bat bera ere ezin da etxean geratu, bat bera ere ez”. Izan ere, “bi pertsona zoragarri, herri honen izaera ondo baino hobeto ordezkatzen dutenak Madrilera bidali edo ez dago jokoan; Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera eramatea lortu behar dugu, eta lortuko dugu. Nafarroako eta Arabako demokrata eta aurrerakoi guztiek jakin behar dute zer dagoen jokoan eta beren botoa horren arabera erabakitzeko gonbita egiten diet”. Horren ildotik gogorarazi du apirileko hauteskundeetan “euskal gizarteak lezioa eman zuela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utzita, eta orain gauza bera egiteko aukera dugu, albiste bikaina litzateke euskal demokrata guztiontzat”.