AKTUALITATEA

| 2019-05-09
Donostialdean, Bidasoaldean eta Ezkerraldean bereziki saltoki handiak ireki edota handitzeko martxan dauden proiektuek “merkataritza txikiaren apokalipsia” ekar dezaketela ohartarazi du EH Bilduk gaur Legebiltzarrean, eta, arrisku horrekin arduratuta, bide eman dio saltoki handiak ireki eta handitzea arautzen eta mugatzen duen lege proposamen bati, oposizioko beste bi taldeekin batera. Helburua, finean, merkataritza txikiaren jarduera  babestea da, azpimarratu du Iker Casanovak.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bildu planteatzen ari den legeak “segurtasun juridiko osoa dauka europar epaitegien legedia eta jurisprudentzia aintzat hartzen duelako” eta dendari txikien etengabeko eskari bati erantzuten dio. Horren ildotik, Casanovak sektorean ordena jarri beharra aldarrikatu du, ez delako onargarria instituzioek mota guztietako abantailak eta erraztasunak ematea konpainia handiei merkatari txikien kaltetan, horrek ehunka dendaren etorkizuna arriskuan jartzen baitu.
Auzitegi Gorenak –adierazi du Casanovak– bertan behera utzi zituen 2015ean merkataritza arloa arautzen zuen Lurraldeko Plan Sektorialean jasotako mugak eta, geroztik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago saltoki handiak irekitzeko edo handitzeko mugarik, baina, legebiltzarkideak zehaztu duenez, ez legalki ezinezkoa delako, interes orokorra lehenestearren, baizik eta EAJ-PSE Gobernuak horretarako eta merkataritza txikia babesteko behar ziren urratsak eman ez dituelako. Hori dela eta, Casanovak utzikeriaz aritzea leporatu dio Jaurlaritzari. Oposizioak hartu behar izan du ekimena horregatik, sektorean ordena jarriko duen legea sustatzeko. “Tarte honetan, 2015etik, EAJ eta PSEk erabateko ezgaitasuna erakutsi dute, ez dira kapazak izan saltoki handien erregulazioan euren zabarkeriaren ondorioz zeuden gabeziak konpontzeko”. Eta are okerrago, 2015az geroztik bi alderdi horiek erraztasun guztiak eman dituzte saltoki handiak irekitzeko hainbat udaletan, Donostia eta Hondarribikoetan kasu.