AKTUALITATEA

| 2019-07-19

Klima aldaketaren aurkako haren ekintza plan politikoaren baitan, EH Bilduk proposamen bat eramango du instituzio guztietara larrialdi klimatikoaren deklarazioa onar dezaten eta, horri jarraiki, politika publikoak egokitu ditzaten klima aldaketaren kontra egiteko eta haren efektuak saihesteko. Gasteizko Legebiltzarrean jada erroldaturik dago ekimena eta koalizioak berdin egingo du Iruñeko Parlamentuan, udaletxe guztietan eta batzar nagusietan. Proposamenak, besteak beste, dei egiten du klima aldaketaren aurkako mugimenduak irailerako deitu dituen nazioarteko mobilizazioekin bat egitera.

Edonola ere, datozen hamarraldietan erronka politiko eta sozial nagusia izango den larrialdi egoeraz kontzientziatzetik harago, EH Bilduren ekimen honen helburu nagusia karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzea da. Mikel Otero legebiltzarkideak adierazi duenez, “Europak 2050. urterako karbono isurietan neutroa izatea du helburu, hau da, klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuzko gasen isuria zeroraino murriztea, baina gero eta gehiago dira data hori aurreratu beharraz ohartarazten ari diren adituak, 2050 beranduegi izango delakoan”. Euskal Herrian, gainera, “kontrako norabidean goaz”, salatu du Oterok. Izan ere, “argitaratu diren azken datuen arabera, 2016tik 2017ra berotegi efektuzko gasen isuria %5,5 igo zen EAEn eta %3,8 Nafarroan; datuak, beraz, oso kezkagarriak dira, helburua karbono neutraltasuna lortzea delako eta, eszenatoki horretara hurbildu beharrean, urruntzen ari garelako”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “ekimen honen bitartez egoeraren larritasuna aitortzea dugu helburu, Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta ipintzeko asmoarekin, aurrerantzean politika publiko guztiak Larrialdi Klimatiko egoeraz kutsa daitezen. Gure ustetan, ipar orratza ahalik eta azkarren karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri beharrean gaude, eta horretarako ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure jendartean inplikazio anitz eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abar, horregatik deritzogu pausu azkar eta eraginkorrak ematea ezinbestekoa dela”.