Albisteak

EH Bilduk ekimen legegilea aurkeztu du eutanasia despenalizatu eta arautzeko


roposatu du Legebiltzarrak legea eramatea Kongresu espainolera eutanasia eta lagundutako suizidioa zigortzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko. Bizitzari amaiera emateko momentuan pertsonaren duintasuna eta haren borondatearen errespetua blindatzea da helburua.

EH Bildu | 2019-05-07 15:54:00

EH Bilduk ekimen legegilea aurkeztu du eutanasia eta suizidio lagundua despenalizatu eta arautzeko, “gizartearen aldetik inoiz baino agerikoagoa delako heriotza ona bermatzeko eskaria eta horrek tokian tokiko instituzioei deitzen die indarrean dauden marko juridikoak aldatzera”, Rebeka Uberak adierazi duenez. Zehazki, koalizioak proposatu du Legebiltzarrak Gorte Nagusien aurreko Ekimen Legegilea onar dezala eutanasia eta suizidio lagundua zigortzen dituen Zigor Kodearen artikulua aldatzeko eta, behin hori Gasteizen onartuta, Legebiltzarrak legea Madrilera, Kongresura, eraman dezala, Kongresua baita Zigor Kodea aldatzeko eskumena duen erakundea.

Proposamenaren arabera, legea onartu eta sei hilabeteko epean Gobernu espainolak Eutanasia Arautzeko Lege-Proiektua aurkeztu beharko luke. Uberak azaldu du Legebiltzarrak prozedura bera erabili zuela amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa sor zedila eskatzeko.
“Gure helburua ¬–azaldu du Uberak– pertsonek heriotza ona ziurtatzeko eskubidea izatea da, kalitatezko bizitza gauzatzeko eskubidea ere duten bezala; hots, euren bizitzari amaiera ematerakoan pertsonek izan behar duten erabakitzeko ahalmena lehenetsi nahi dugu, horrela bueltarik ez duen sufrimenduari, fisiko zein psikologikoari, amaiera ematea ahalbidetzeko. Finean, pertsonaren borondatearen errespetua blindatzea du helburu ekimen legegile honek, pertsonaren eskubideak eta duintasuna bermatuta”.

EH Bilduren ekimenez ere, Legebiltzarrak Heriotza Duinaren Legea –“Estatuan dagoen aurrerakoiena”, Uberaren esanetan– onartu zuen 2016an. “Une hartan legeak eutanasia ere aintzat hartzea proposatu genuen, baina gainerako taldeek ez zuten komenigarritzat jo; gaur, ordea, sentsibilitate sozial eta politikoa ezberdina da eta uste dugu oraingoan adostasuna lor dezakegula. Maribel Tellaetxeren eta Hernandez-Carrasco familiaren kasuek mahai gainean jarri dute berriz eutanasia despenalizatu eta arautu beharra. Ezin dugu onartu ehunka familiak sufritzen jarraitzea edo etorkizunean egoera horretan egotea. Zigor Kodea aldatu behar da herritarren duintasuna bermatzeko eta euren babesgabetasunarekin amaitzeko itzulerarik ez duen sufrimenduaren kontrako borrokan edota, gaixotasun progresibo eta sendaezinen kasuan, mendekotasun egoera batera iristeak dakarren sufrimendu jasanezinari aurre egiteko borrokan. Gaixorik dauden pertsonek eskubidea izan behar dute, euren borondatea errespetatuz eta aholkularitza medikuarekin, alternatiba terapeutiko desberdinetarako sarbidea izateko, euren minari eta sufrimenduari amaiera emateko eta, horrela, heriotza duina bermatzeko”.
Amaitzeko, EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Europan bertan hainbat estatuk eutanasia zein suizidio lagundua arautu dituztela. “Suitzan, esaterako, suizidio lagundua despenalizaturik dago eta Holanda, Belgika eta Luxenburgon suizidio lagundua ez ezik eutanasia ere despenalizaturik eta arauturik dago. Herri horiek gizartearen eboluzioaren baitan egokitzen joan dira eta pertsonaren borondatea eta autonomia erdigunean jartzen jakin izan dute bizitza eta heriotza duinaren mesedetan; uste dugu hemen ere urrats hori emateko ordua iritsi dela”.