AKTUALITATEA

| 2020-03-18

Osasun-larrialdiaren eta alarma-egoeraren ondorioz apirilaren 5eko hauteskundeak atzeraturik, salbuespen egoerak iraun bitartean Legebiltzarrak berez dituen funtzioak indartu eta bermatu behar direlakoan dago EH Bildu; hortaz, Diputazio Iraunkorra astero bil dadila eskatu du formalki, pandemiaren eta Jaurlaritzak Covid 19ren aurkako borrokan edota bestelako arloetan hartutako neurrien gaineko kontrola egin eta alderdien proposamenak bideratzeko. Maddalen Iriarteren azaldu duenez, “finean, Diputazio Iraunkorrak osoko bilkurak bezala funtzionatzea nahi dugu, inork ez dakielako noiz arte luzatuko den muturreko egoera hau eta Legebiltzarra ezin delako desagerturik egon; sekulako arduragabekeria litzateke”.

EH Bilduko bozeramailearen iritziz, “inoiz baino beharrezkoagoa da lidergo politikoa erakustea, ekimen politiko sendo eta pluralean adierazi behar dena, elkarlanean arituz,  eta hor Legebiltzarrak berebiziko garrantzia duen funtzioa bete behar du ezinbestean”.

Iriartek gogora ekarri du une honetan Erregelamenduak ez duela ahalbidetzen Diputazio Iraunkorrean alderdien proposamenak eztabaidatzea; beraz, “derrigorrezkoa da formula legala bilatzea Legebiltzarra lehenbailehen normaltasunera itzul dadin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren borondate demokratikoa ordezkatzen duen heinean dagozkion funtzio guzti-guztiak ahalik eta modurik eraginkorrenean bete ahal ditzan Lehendakariak hauteskundeak berriz ere deitu bitartean”.

Horretarako, iragarri du Iriartek, “Parlamentuko zerbitzu juridikoek astebeteko epean txosten tekniko bat egitea eskatu dugu, hauteskundeak atzeratzeak Legebiltzarreko jardueran dituen ondorioak aztertzeko eta formula legal egokiena bilatzeko instituzio honek bere funtzio guztiak berreskuratu ditzan”. Izan ere, “ezinbestekoa da Diputazio Iraunkorrak Legebiltzarrari dagozkion funtzio guztiak bere gain hartzea, pandemiari eta bere ondorioei aurre egiteko neurrien gaineko jarraipena egiteko, osasun-larrialdia eta alarma-egoera gainditzeko beharrezkoak izan daitezkeen bestelako neurriak eta ekimenak proposatzeko eta jarduneko Gobernuaren erabaki guztien gaineko kontrola modu efektiboan egiteko”.

Urkulluren agerraldi eskaera

Horren haritik, hain justu, EH Bilduk Urkulluren agerraldia eskatu du jada Diputazio Iraunkorrean, “salbuespen egoera honetan premiazkoa delako lehendakariak Legebiltzarrean azaltzea Jaurlaritza pandemiaren eta bere ondorioen kontra hartzen ari den neurriak, zein diren bere planak eta aurreikuspenak eta, baita ere, zein diren presidente espainolak deklaratutako alarma-egoerak EAEn (Osakidetzan eta Ertzaintzan nagusiki) izan edo izango dituen ondorio zuzenak”.