Albisteak

EH Bilduk demokraziaren aurkako erasotzat jo du Kataluniako preso politikoen kargugabetzea


Kataluniako herritarren gehiengoaren mandatua ez errespetatzea leporatu die koalizio subiranistak PSOE, PP eta Ciudadanosi.

EH Bildu | 2019-05-24 18:57:00

EH Bilduk demokraziaren eta parlamentarismoaren aurkako erasotzat jo du Kongresuko Mahaiak Kataluniako preso politikoak kargugabetu izana. Kataluniako herritarren gehiengoaren mandatua hankaz gora jartzea, iragan apirilaren 28ko bozetan katalanek emandako hitza ez errespetatzea eta ordezkari politikoen parte hartze eskubidea urratzea egotzi die kargugabetzea babestu duten alderdiei.

EH Bilduren iritziz, erabat onartezina da Kataluniako preso politikoei herritarrek emandako babesa kentzea eta milioi bat katalan baino gehiagoren borondatea isilaraztea. Koalizio subiranistak uste du Espainiako Estatuaren demokrazia maila eskasa agerian uzten duela Kongresuko Mahaiaren erabakiak.

Ildo berean, igande honetan hautetsontziak betetzeko deia egin du EH Bilduk, preso politiko bat Europako Parlamentura bidaltzea baita demokraziaren aurkako eraso honi erantzuteko eta errepresioari aurre egiteko modu eraginkorrena. Horrez gain, EH Bilduk babesa eta elkartasuna helarazi nahi die Auzitegi Goreneko epaiketa injustutik hasita Espainiako Estatuaren krudelkeria jasaten ari diren preso politiko, iheslari eta senideei.