Albisteak

EH Bilduk bere errefusa adierazten dio 14/2018 Foru Legeari Espainiako Gobernuak jarritako helegiteari


EH Bildu | 2019-03-18 11:50:00

Honako legeak hondakinen kudeaketari eta fiskalitatearen gainean urrats garrantzitsua dakar, beste hainbat konturen artean, plastikozko poltsen erabileraren inguruan. Espainiako Gobernuaren aburuz, 293/2018 Erret Dekretuak dioena gainditzen du eta ikuspegi horretatik inkonstituzionala litzateke.

Erabakia larria deritzogu, bi ikuspegitatik. Batetik, Nafarroako erabakimenaren aurka jotzen duelako berriz ere Espainiako Gobernuak, kasu honetan PSOErenak, PPrenak egin ohi zuen bezala, estatuko legediaren “uniformizazioa” lehenetsiz, nafarrok geure erabakiak hartzeko ahalmenaren gainetik. Gobernu aldaketarekin ere, aldaketarik ez, beraz. Pedro Sanchezek aurreko egunean beren “foraltasuna” aldarrikatzea, oraingoan ere, hitz hutsalak direla adierazten du egoera honek.

Eta bigarrenik, helegite hau ahots askok eredugarritzat eta aitzindaritzat jo duten lege baten inguruan izatea, ingurumenarekin lotua, noiz eta transizio ekologikoarekin eta klima aldaketarekin ahoa betetzen ari zaigun une honetan, baita Espainiako Gobernuari eta PSOEri ere.

Hortaz, Nafarroako Parlamentuak legeari babesa adieraz diezaion ekimena proposatuko du EH Bilduk.