Albisteak

COVID-19 eta garraio publikoa


Iñaki Ullibarri, Raul Méndez eta Oskar Bordesen iritzi artikulua. EH Bilduren ordezkariak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, hurrenez hurren.

EH Bildu | 2020-04-30 10:29:00

Garraio publikoak ematen duen zerbitzuak aldaketa zorrotzak jasan ditu konfinamenduan gaudenetik, batez ere maiztasunei, ordutegiei, instalazioen edukierari eta ibilgailuetako jende-kopuruari dagokienez.

Diotenez, “beherakada” fasea hasi dugu, baina guk jakin nahi genuke zer urrats egin beharko diren garraio publikoan pandemiaren aurretik zeuden erabilpen-kuotak ez galtzeko.

Egoera hau izan daiteke: konfinamendu-neurriak malgutu, eta “normaltasun erlatibo” batera itzuliz goazen heinean, garraio publikoaren erabilpena berreskuratuz joango gara, beste jarduera ekonomiko, sozial eta kultural batzuen aldi berean.

Baina herritarrek ez dute onartuko garraiobidean ohi genuen moduan ibiltzea. Ez dugu ordu gorietan gainezka datorren trenik hartuko, ez gara zutik dagoen jendez beterik heltzen den autobus batera igoko. Orain arte garraio publikoan edukiera 4 pertsona/m2 izatea ohikoa bazen, hemendik aurrera pentsaezina izango da. Zer esanik ez ekitaldi handiak, hala nola, manifestazioak, kirol lehiaketak eta kontzertuak daudenean, non jende-kopuruaren muga bakarra bagoien edo autobusen ahalmen fisikoa baitzen.

Eszenatokia hau izan daiteke: azken hilabeteetan zabaldu den “beldur faktoreak” atzera eragingo die garraio publikoaren ohiko erabiltzaileei. Ibilgailu pribatua erabiltzea lehenetsiko da berriro, eta urteak beharko ditugu orain arte ezagutu ditugun garraio publikoaren erabilpenaren zenbakiak berreskuratzeko.

Halakorik gertatzea saihesteko, edo ahalik eta gutxien gertatzeko behintzat, herritarrei segurtasuna eta bermeak emango dizkieten neurriak ezarri beharko dira. Jarduera horiek zuzenean eragingo diete garraio publikoaren erabiltzaile-kopuruari eta ahalmenari eta, horregatik, aurreikusi behar dugu Covid-19 heldu baino lehen garraio publikoak zituen erabilpen-indizeetara itzultzea ez dela bat ere erraza izango.

Etxetik irteten has gaitezkeenean, lan-jarduera ere modu egonkorrean hasiko da, gehiago edo gutxiago. Ondorioz, garraio publikoa kutsatzeko gune nagusietako bat izango da, ziurrenik, baldin eta erabiltzaileen artean prebentzioko eta higieneko neurri bereziak hartzen ez badira.

Beharrezkoa da une honetan zer garraio-ahalmen izan genezakeen aztertzea. Bestela esanda, begiratu behar da ea trenetako eta autobusetako bidaiarien kopurua oraingoaren herenera jaitsi beharko litzatekeen. Kalkulatu beharko genuke zenbat aparteko zerbitzu jarri beharko genituzkeen metroan, trenetan, tranbietan eta autobusetan. Ezinbestekoa da zer baliabide daukagun jakitea, eta zer baliabide beharko genukeen, garraioaren maiztasunak areagotzeko eta egoera hori arindu ahal izateko.

Kontuan izan behar dugu, era berean, orain arte garraioaren alorreko langileentzako prebentzio-neurriak urriak izan direla. Barneratu eta eskatu behar dira beharrezkoak diren NBE edo babes-ekipamendu pertsonalak lehenbailehen izatea, zeren garraio publikoan aritzen diren enpresetako edozein lantaldetan kutsadura-fokurik egonez gero ezin izango bailitzateke zerbitzua normal eman. Arrisku hori ere oso kontuan izan behar da, ezin da inola ere ahaztu garraio publikoko langileen osasuna zaintzea ere funtsezkoa izan behar dela.

Badago beste arrisku bat, nahiago genuke oker egotea, baina herritarrek joera izan lezakete orain arte ezarritako segurtasun-arauak nasai daitezkeela pentsatzeko. Oso akats handia izan liteke hala gertatzea, eta portaera hori garraio publikora ekarriz gero izugarri kaltegarria izango litzateke.

Horrez gain, Garraioaren, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioak ezartzen dituen irizpideen erabat menpe gaude. Bada garaia aginte bakarraren figurak zehazten dituen hierarkiak alboratzeko. Euskadiko Garraio-Agintaritzaren (EGA/ATE) koordinazio-mahaia Madrildik datozen aginduak jakinarazi eta betetzeko bitarteko hutsa da. Bada garaia kudeaketa-eredu zeharo militarizatua amaitzeko eta, horren aurrean, gure lurraldetik gertuago dauden subjektuek gaia aztertu eta erabakiak hartzen parte hartzeko. Garraioen emakida duten enpresek eta beren garraio propioa duten udalek hitza eta bozka izan behar dute erabakietan. Ez dugu onartu behar Madrilek erabakitzea Euskal Herrian garraio publikoak zer zerbitzu eman behar duen. Garraio publikoaren beharrak askoz ere ikuspegi gertu eta errealagotik artikulatu behar ditugu.

Kudeaketan informazioa eta gardentasuna behar ditugu. EH Bilduk eta oposizioko beste talde batzuek erakundeetan eta sindikatuek enpresetan salatu dute behin baino sarriago eta erakunde ezberdinetan ez dagoela informaziorik, ez dagoela gardentasunik. Erraztu behar dugu eragile guztiek erabakietan parte hartzea eta erabakiak betetzen eta betearazten inplikatzea.

Baina dena ez da hitzaldia eta proiekzioa izango. Garraio publikoaren zerbitzua ahalik eta modurik eraginkorrenean ematen aurrera egingo bada kontuan hartu beharreko neurrien dekalogoa ere jarri nahi dugu mahai gainean:

  1. Jende-kopurua kontrolatzea garraio publikoaren sarbideetan, onar daitezkeen erabiltzaileen arabera.

  2. Pertsonen arteko tartea errespetatzeko neurriak ezartzea, neurri fisikoak zein pedagogikoak.

  3. Tenperatura kontrolatzea garraio-instalazio handietan (geltoki intermodalak eta bidaia luzeko zerbitzuak).

  4. Desinfekzio-egutegia definitzea instalazio eta ibilgailu guztietarako.

  5. Erabiltzaile guztiak maskarak erabiltzera behartzea.

  6. Segurtasun-protokolo eraginkorrak ezartzea garraio publikoaren zerbitzua ematen duten langileentzat, prebentzio-irizpideak lehenetsiz.

  7. Gidatzeko tokietan segurtasun-perimetro iraunkorra jartzea (orain baliza-zintekin egiten da, modu prekarioan).

  8. Bizikleta garraiobide nagusia izatea segurtasun-tartea zaintzeko, eta horretarako lehentasunezko bideak jartzea kale nagusietan, autoei eman diegun lekua berreskuratuz. Udaletako bizikleten alokairu-zerbitzua berehala martxan jartzea.

  9. Neurri ekonomikoak. Tarifa-sistema birpentsatzea garraio publikoa erabiltzen duten pertsonarik behartsuenentzat, Txartel Bakarra ezartzea, behingoz, justizia sozialean oinarrituta, eta mugikortasun iraunkorrari aplikatutako zerga-politikak aztertzea.

  10. Enpresetako ordutegiak eta txandak malgutzeko neurriak hartzea, garraio publikoko ohiko ordu goriak eta bailara-orduak saihesteko. Lau eguneko lan-astea edo sektoreka antolatzea sustatzea, eta telelanaren alde egiten jarraitzea presentismoaren ordez.

Mahai gainean ditugu gakoak eta tresnak, borondate politikoko kontua baino ez da. Covid-19 gaitzak eragindako krisia elkarlanaren bidez soilik gaindituko dugu, eta garraio publikoa horren adibide izan daiteke. EH Bilduk gure esperientzia eta indar militante guztia jartzen dugu egoera hau lehenbailehen iraultzeko. Lehen egiten genituen joan-etorri asko beharrezkoak ez direla ohartzeko gai izan bagara, ibil ditzagun hemendik aurrerakoak mugikortasun iraunkorrago baten ikuspegitik.

Utzi norbanakokeriak eta norbere salbamenduak, eta erantzun dezagun auzolanean berriro ere, garraio PUBLIKO (bai, letra larriz) eta kalitatezkoarekin. Jar ditzagun pertsonak erdigunean. Zaindu gaitezen!