Albisteak

Bat egiten dugu greba orokorraren deialdiarekin


Herritarrek bizi-baldintza duinak lortzeko lan asko egiteko dago

EH Bildu | 2020-01-20 12:16:00

EH Bilduk urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartuko du. Horrela adierazi du, gaur goizean Sestaon, Asier Iza metaleko langilea eta EH Bilduko zinegotziak.

“Bat egiten dugu urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Kartak deitutako grebarekin. Arrazoiak badaude. Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean, bizitza duin bat aldarrikatzeko”, esan du EH Bilduko ordezkariak.

Izak gogoratu du oraindik asko dagoela egiteko bizi-baldintza duin batzuk lortzeko. “Jaurlaritzaren arabera probreziak ehuneko 46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude; pentsionisten erosteko ahalmenak %6 egin du behera, sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira edo, Sestao bezala, %18ko langabezi-tasa daukaten guneak ditugu. Agerikoa da badaudela arrazoiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deitutako greba orokorrean parte hartzeko”.

EH Bilduren ustez, unea heldu da prekarietatean oinarritutako sistema bati erantzuteko eta, bizi-baldintzak erdigunean jarriz, haien herritarrak zaintzen eta babesten dituen herri baten alde egiteko.