AKTUALITATEA

| 2019-12-12

EH Bilduk legez besteko proposamena ekarri du gaur Legebiltzarrera Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan (DBE) murrizketen bidean sakontzeko Jaurlaritzaren hautua salatzeko, Lakuari murrizketak bertan behera uzteko eta 1.200 euroko gutxieneko soldataren aldeko konpromiso bat eskatzeko eta lan harremanetarako euskal esparruaren beharra aldarrikatzeko. Botazioak, baina, oso argi utzi du Gobernuaren eta Podemosen arteko aurrekontu-akordioa jada indarrean dagoela, Podemosek uko egin baitio EH Bilduren proposamena babesteari, nahiz eta orain arte aldarrikapen horiekin bat etorri. Nerea Kortajarenaren iritziz, “gaur gertatu dena aurrekontu-akordioaren ondorioen lehenengo adibidea da, Podemosi zer esan edota zer egin mugatzen diona”.
Horren ildotik, Kortajarenak gogorarazi du aurrekontu-akordioarekin ere DBEren murrizketak bere horretan mantentzen direla eta datorren urtean Jaurlaritzak aurten baino diru gutxiago bideratuko duela DBE finantzatzera, Caritasen azken txostenaren arabera pobrezia gero eta handiagoa den arren. Azaldu duenez, 2008an onartu zen legea bete beharrean, orain “DBEren zenbatekoa enkante batean erabaki nahi da urtero, Jaurlaritza eta negoziatzaileen borondate politikoaren arabera”, eta horrek erabateko ziurgabetasuna dakar DBE kobratzen dutenentzat, legeak eskaintzen zien bermea errotik desagertzen baita. EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “Podemosek murrizketa handiagoa edo txikiagoa den negoziatu du, baina murrizketa bat finean”.