AKTUALITATEA

| 2020-07-24

Hauteskundeen ostean ezkerreko hainbat eragile politiko eta sozialekin abiatutako bilera errondaren baitan, EH Bildu CCOOarekin batzartu da gaur sindikatuaren egoitzan, Bilbon, koronabirusak ekarritako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren inguruko diagnostikoa kontrastatu eta egoera honetan eman beharreko erantzunak aztertzeko. Maddalen Iriarte, Arnaldo Otegi eta Unai Urruzuno izan dira bileran koalizioaren aldetik eta Loli Garcia idazkari nagusia, Garbiñe Espejo eta Santi Martinez sindikatuaren aldetik.

Bileraren ostean, Arnaldo Otegik ekonomiaren atzeraldiak izango dituen ondorio latzez ohartarazi du, eta horren aurrean “aldaketarako gobernu bat” behar dela adierazi du, “ez kontinuismoaren gobernu bat”. Bere ustez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan “badago gehiengo sozial aurrerakoi, feminista eta ekologista bat, zerbitzu publiko indartsuak nahi dituena”, alternatiba hori eraikitzeko.

Horren haritik, EAJ-PSE formularen eraginkortasuna ukatu du, eta adierazgarritzat jo du Confebaskek gobernu hori hobestea. Azaldu duenez, “gobernu sendoa ez da gehiengo parlamentarioa daukana, erronkei aurre egiten diena baizik, eta guk ez dugu uste gobernu formula horrek aurre egingo dienik dauzkagun arazoei”.