AKTUALITATEA

| 2019-11-05

“Espainiako Estatua sartu den inboluzio antidemokratikoaren aurrean, Euskal Herriko gizon-emakumeok gauza bat izan behar dugu argi: suberanisten arteko elkarlana da frankismoarekin amaitzeko gai den bakarra”. Mezu ezin argiagoa eta zuzenagoa ekarri du gaur Arnaldo Otegik Gasteizera, Artium Museoan EH Bilduk eginiko ekitaldi elektoralera. Atzo gaueko eztabaida izan du hizpide, eta azpimarratu du debatean parte hartu zuten bost hautagaiek agerian utzi zutela inboluzioari subiranismoaren bidetik egin behar zaiola aurre ezinbestean. “Gure proposamena argia da: demokrazia inboluzio antodemokratikoaren aurrean, askatasuna errepresio politikoaren aurrean, duintasuna murrizketa sozial eta ekonomikoen aurrean”.

Horri jarraituz, EH Bilduko koordinatzaile nagusia ziur agertu da subiranismoa erabakigarria izango dela Madrilen. Izan ere, “subiranistok gara balantza alde batera edo bestera eraman dezakegunok” eta, beraz, erantsi du, “Pedro Sanchezek aukeratu beharko du: edo eskuinak eta Vox-ek markatzen duten agendari jarraitu ala demokraziaren bidea hartu, datuak eta inkestak ikusita, subiranistekin bakarrik egin daitekeelako gobernua. Edo eskuinarekin edo subiranistekin”.

Otegiren iritziz, debateak berriz erakutsi zuen bertan ordezkaturik egon ziren alderdiak “ez direla gai konponbide bat bera ere mahai gainean jartzeko Euskal Herriarentzat eta Estatuko gainontzeko nazioentzat”. Areago, eztabaida horretatik ondorioztatzen da “Espainiako alderdi handiek inboluzio antidemokratikoaren bidea hartzea erabaki dutela eta gogor arituko direla herritarren bizi baldintzak hobetzeko autodeterminazio eskubidearen tresna praktikan jartzea erabakitzen dutenen aurka. Neurri gogor gehiago eta demokrazia gutxiago, hori da atzoko debatearen ondorio nagusia, eta horretan ados daude denak. Vox markako politika egitea da hori”.

Eztabaidak, azken batean, EH Bildu aspalditik behin eta berriz ohartarazten ari dena berretsi baino ez zuen egin; hau da, “Espainiako Estatutik etorriko zaigun gauza bakarra inboluzio antidemokratikoa dela: Birzentralizazioa, murrizketa ekonomikoak eta sozialak, oinarrizko eskubideen aurkako erasoak eta errepresioa”. Otegik esan bezala, “Katalunia eta Euskal Herria bezalako herrien eskaera demokratikoei errepresioarekin erantzuten dakite bakarrik”.

Iñaki Ruiz de Pinedo: “Edo EH Bildu edo Vox-en bazkideak”

Arnaldo Otegiren aurretik, Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburuak hartu du hitza Artium Museoan. Igandean, inkesta guztien arabera, Araban lehia oso estua izango dela eta eserlekuak boto gutxi batzuen baitan erabakiko direla gogorarazi ostean, Ruiz de Pinedok esan du oraingoan erronka iragan apirileko lezioa berriz ematea dela, “Espainiako eskuinak ordezkaritzarik gabe utzita”. Hala, “berriro egiteko gonbita” luzatu die arabarrei, “datorren igandean berriro Vox-en bazkideak ordezkaririk gabe uztearen harrotasuna eta poztasuna sentitu dezagun. Arabarrek erabaki egin behar dute: edo EH Bildu edo Vox-en bazkideak”. Zerrendaburuak dei egin die, beraz, “Arabako abertzale, subiranista eta aurrerakoi guztiei beren konfiantza EH Bildurengan jartzera, horrela bakarrik lortuko dugulako Vox-en bazkideak ordezkaririk gabe uztea”.