Albisteak

Arnaldo Otegi: “EAJk abertzaleen arteko elkarlan estrategikoaren aukera guztiz baztertu eta zapuztu du”


Alderdia baino, EH Bilduk aberria lehenesten duela azpimarratu du Otegik Telesforo Monzonen jaiotetxean, baina argi du “gaurko EAJko buruzagiek ez zutela Lizarra gustuko, ez eta Ibarretxe Plana ere”.

EH Bildu | 2020-07-08 16:16:00

Arnaldo Otegik EH Bilduk Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearekin duen konpromisoa berretsi du gaur Bergaran, sinbolismoz beteriko toki batean, Telesforo Monzonen jaiotetxean. Nerea Kortajarena eta Lore Martinez Axpe Gipuzkoako zerrendakideak alboan, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du “gaurko EAJko buruzagiek ez zutela Lizarra gustuko, ez eta Ibarretxe Plana ere”, eta deitoratu du “EAJk abertzaleen arteko elkarlan estrategikoa guztiz baztertu duela, bai eta aukera hori zapuztu ere”.

Horri jarraituz, bi alderdien jokaerak kontrajarri ditu, EH Bildu marka –“lehenengo aberria, gero alderdia”– eta EAJ marka aurrez aurre. “Gipuzkoan, bere burua subiranistatzat jotzen duen herrialdean, EAJk Andoain eta Pasaiako alkatetzak PSEri eman dizkio”, nahiz eta bi udalerrietan lehenengo indar politikoa EH Bildu izan. Aitzitik, gogorarazi du Otegik, “guk Maroto kanporatu genuen Gasteiztik eta Arabatik, eta Gasteizko alkatetza EAJk eskuratzea ahalbidetu genuen, eta gauza bera egin dugu Guardian eta beste herri batzuetan”.

Horrelakoek frogatzen dute, Otegiren irudiko, EAJk abertzaleen arteko batasunaren kontra dagoela. “Monzonek, abertzaletasunaren erreferente nagusietako batek, Errepublika eta gerra garaian EAJren erreferente ere izan zenak, abertzale eta subiranista guztiok gutxieneko programa bat adostea nahi izan zuen beti, baina Trantsiziotik hona, Lizarra-Garaziko salbuespenarekin, EAJk inoiz ez du batasuna horren aldeko apusturik egin. Penaz esaten dugu, baina hori da errealitatea”.