Albisteak

Alarma egoeraren luzapenari zuzenketak aurkeztu dizkio EH Bilduk, lurraldeek sortu eta kudeatu dezaten deskonfinamendu plana


Konfinamendua arintzeko planak lurralde bakoitzeko probintzia, eskualde eta tokiko erakundeen adostasunarekin diseinatzea proposatu du ezkerreko indar subiranistak, osasun eremuari lehentasuna emanda eta toki bakoitzeko berezitasunak kontuan hartuta.

EH Bildu | 2020-05-05 19:54:00

Bihar Diputatuen Kongresuan eztabaidatu eta bozkatuko den alarma egoeraren laugarren luzapenari zuzenketak aurkeztea erabaki du Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak. Gaur arratsaldean erregistratutako ebazpen-proposamenaren bitartez, Espainiako Gobernuari eskatu dio autonomia erkidegoek “diseinatu, kudeatu eta gauzatu” ditzatela konfinamendua arintzeko planak, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeko eta jarduera ekonomiko eta produktiboa martxan jartzeko neurriak aintzat hartuta.

EH Bilduk uste du deskonfinamendu prozesua gertuen dauden erakundeen esku geratu beharko litzateela, une honetan eraginkorrena delako. Indar subiranistaren iritziz, erakunde horiek ezagutzen dituzte ondoen beren lurraldeko errealitate sanitarioa eta sozioekonomikoa. “Ez du inolako zentzurik deskonfinamendua martxan jartzeko eta pandemiari aurre egiteko erabaki guztiak Euskal Herritik 500 kilometrora hartzea. EAEko eta Nafarroako erakundeek planifikatu eta garatu beharko lukete prozesu hau, horretarako nahikoa gaitasun eta adimen baitute”, nabarmendu du.

Asteotan erakutsitako jarrera eraikitzailea gogorarazi du EH Bilduk, eta “mugitu eta jarrera aldatzeko” eskatu dio Espainiako Gobernuari: “Eskuzabalak, arduratsuak, eraikitzaileak eta malguak izan gara, baina orain gobernuari dagokio mugitzea. Beste modu batera funtzionatzeko garaia da”.

Autonomia erkidegoen eta Osasun Ministerioaren arteko elkarlana

Konfinamendutik ateratzeko palana ikuspegi partekatu eta adostu batetik diseinatzearen aldekoa da EH Bildu, eta horretarako ezinbestekotzat jo du inplikatutako erakunde guztiak elkarlanean aritzea tokian tokiko osasun egoera eta errealitate sozioekonomikoa kontuan hartuta. “Betiere Osasun Ministerioak ezarritako jarraibide eta irizpide orokorrekin bat eginez eta osasun-eremuak eta eskualdeak lehentasun gisa ezarrita”.

Ildo horretan, dekonfinamendu planek Osasun Ministerioaren onespena izan beharko luketela zehaztu du EH Bilduk, autonomia erkidegoetako eta Espainiako Estatuko erakundeen arteko lankidetza praktikara eramanda. Aldi berean, “autonomia erkidegoek ahalmena izango lukete planetan zehaztutako osasun esparru edo eskualdeen fase progresioa adosteko”, lurralde bakoitzaren egoera sanitarioarekin bat eginez. “Osasun Ministerioak ahalmena izango du, autonomia erkidegoekin koordinatuta eta adostuta, fasez aldatzeko baldintzak behar bezala betetzen diren zehazteko, ministerioak ezarritako osasun-irizpideetan oinarrituta”, azaldu du EH Bilduk.

Tokiko erakundeen parte hartzea

Konfinamendua leuntzeko planak lurralde bakoitzeko probintzia, eskualde eta tokiko erakundeen parte hartze eta adostasunarekin diseinatzea proposatu du indar subiranistak, arlo bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, osasun eremuari lehentasuna emanda eta toki bakoitzeko berezitasunak kontuan hartuta.

EH Bilduk, gainera, deskonfinamendu planak aldatzeko eta tokian tokiko errealitate desberdindura egokitzeko eskaera egin du gaur aurkeztutako proposamenean: “Deskonfinamendu planek autonomia, probintzia, eskualde eta tokiko erakundeen arteko kudeaketa eta gauzatze partekatua jasoko dute, eta horiek aldatzeko aukera egongo da, lurralde bakoitzaren osasun, demografia, ekonomia, gizarte eta mugikortasun berezitasunei erantzuteko”.