Albisteak

Aizpurua: “Estatutik datozen injustiziei erantzuteko, euskal emakumeok ahots indartsua behar dugu Madrilen”


Gipuzkoako zerrendaburuak ohartarazi du “EH Bilduk igandean lortzen ez duen ordezkaria Espainiako eskuinera joango dela, eta dagoeneko ondo dakigu euskal emakumeok zer proposatzen duten guretzat Espainiako eskuinek”.

EH Bildu | 2019-11-04 12:01:00

Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak azpimarratu du Azpeitian, Emakumeen Txokoan, zer garrantzi handia duten datorren igandeko hauteskundeek euskal emakumeentzat eta, horri jarraituz, eskuin espainolak emakumeentzat dakarren mehatxuaz ohartarazi du, EH Bilduren aldeko botoa eskatzeko. Izan ere, “EH Bilduk lortzen ez duen ordezkaria Espainiako eskuinera joango da, eta dagoeneko ondo dakigu euskal emakumeok zer proposatzen duten guretzat Espainiako eskuinek”.

“Euskal emakume feminista naizen heinean –esan du Aizpuruak– ozen salatu nahi dut justiziarik ez datorrela Espainiako Estatutik euskal emakumeontzat. Justizia deitzen diote injustiziari, eta Iruñeko bortxaketaren osteko epai iraingarria da horren adibide nagusiena”. Hori dela eta, EH Bilduko hautagaiak ondorioztatu du “euskal emakume feministek ordezkatuko gaituen ahots indartsua” behar dutela Madrilen, EH Bildurena, alegia, “injustizien aurrean justizia aldarrikatuko duena, inboluzioaren aurrean demokrazia eskatuko duena, askatasuna errepresio politikoaren aurrean, duintasuna murrizketa sozialen eta ekonomikoen aurrean”. Hori horrela, eta inkestek diotenari erreparatuz, “Araban eta Nafarroan jokoan daukagu gure ahotsa indartzea”, ohartarazi du.

Aizpuruak asteburuan zehar Durangon eginiko Jardunaldi Feministak izan ditu hizpide Azpeitian. Historikotzat jo ditu, 3.000 emakume elkartu baitziren bertan, inoiz baino gehiago, “bizipenak eta pentsaerak partekatzeko, aliantzak eta sareak eratzeko, elkar zaintzeko, eztabaidatzeko, adosteko, proposamen feministak egiteko”. Gipuzkoako zerrendaburuak aintzat hartu ditu Euskal Herriko mugimendu feministaren irakaspenak, “denbora askoan ari baitzaigu irakasten beharrezkoa dela elkar entzutea eta errespetatzea, zubiak eraikitzea eta batera aritzea makurtuta eta eskubiderik gabe nahi gaituzten eskuineko indarren aurrean”. Salatu duenez, “horrela hain justu nahi gaituzte askok Madrilen, herrien kezka sozialei eta autodeterminazio eskaerei errepresioarekin erantzuten dien Estatu bati kateatuta”.

Horren aurrean, azaldu du Aizpuruak, EH Bilduk indar politiko aurrerakoiak eta subiranistak Madrilen elkarrekin aritzeko konpromisoa du, “entzun gaitzaten, Euskal Herriko herritar ororen eskubide guztiak defendatzeko, mugimendu feministak egindako deiak aintzat hartu eta hemen ere politika feministak landu ahal izateko, eta horien bitartez bizitza duinak eta biolentziarik gabekoak bermatu ahal izateko, Euskal Herria libre eta justu batean”.