AKTUALITATEA

| 2024-09-17

Europar Parlamentuko osokoan aurkeztua izan da Draghi txostena, Europar Batasunaren konpetitibitatea berreskuratzea helburu duena Estatu Batuak eta Txinaren aurrean.

Dakigunez, Draghi Italiako sektore publikoa pribatizatzeagatik nabarmendu zen ultraliberala da, eta horrek bakarrik bere proposamenen aurrean erne egotera eramaten gaitu. Bere txostenean konpetitibitatea sustatzeko neurriak nabarmentzen dira, baina arreta deitzen du testu osoan ez dagoela ez eskubide sozialen ez ongizate estatuaren aipamenik testuinguru horretan bertan.

Arlo positiboan, txostenak proposatzen du funtsa berri bat sortzea Europar Batasunak finantzatuko lukeen zor amankomunaz. Europak dituen erronka handiak amankomunatutako finantzaketaz egitea positiboa da berez eta laguntzen du batasun politikorantz aurrera pausuak ematea integrazio prozesu europarra sendotuz.

Draghi txostenak ados egoteko moduko helburua planteatzen du, Europar Batasunaren konpetitibitatea hobetzea, baina planteatzen dituen bitartekoak guztiz auzitan daude. Gutxi azalduko dira Europar Batasunean inbertsio industriala sendotzearen kontra EEBBak eta Txinaren aurrean konpetitibitatea hobetzeko, trantsizio ekosozialean egin beharreko inbertsioa babestu eta enplegua hobetzeko. Baina zalantzak sortzen dira 800.000 Milioi euroko inbertsio publiko-pribatu hori nola antolatuko den zehazteko orduan; edota nolako desarautze-neurriak aplikatuko diren kontutan izanda dagoeneko oso desaraututa dauden bi merkaturen aurrean (txinatarra eta estatubatuarra) konpetitiboak izatea dela helburua. Behin berriro ere, ematen du “arrisku publikoa eta etekin pribatuak” eskema indartu nahi dela, eta honek arazo itzela suposatu dezake konpetitibitatearen aldeko neurri hauen zama soziala bizkar gainean hartzeko arriskua duten klase herritarrentzat. Behin berriro ere, austeritate politikak antzematen dira hodeiertzean, 2008ra buelta.

Laburbilduz, Draghi txostenak ekonomiaren desarautze azkartu baterantz egiten du, funtsa publikoekin eta bidesari gisa austeritate politikak planteatu ditzake, gehienbat Hegoalde europarreko herrientzako. Europar Batasun gisa konpetitibitatearen erronkari heltzea positiboa da, baina helburu hori ezin da bereiztu konpetitibitatea justizia sozialaren optikatik heltzetik, eta ez desberdintasun sozialen azkartzearen bidetik.

Azkenik, azpimarratu behar da Draghi txostena potentzien arteko konfrontaziotik abiatu egiten dela; ikuspegi geopolitiko bat oinarri duena potentzien arteko konfrontazio etengabean; eta Txina eta beste hegemon erregionalak etsai gisa tratatzen ditu, nazioarteko harremanak kooperaziotik eta Hegoalde Globalekiko harreman ekonomiko neokolonialak bazter uztetik enfokatu beharrean. Europar subirautzaren ideia funtsezkoa da Europaren konpetitibitatea munduan sendotzeko orduan, eta horrek posizio autozentratuak exijitzen ditu Europarentzat, eta ez beste interes edota estrategiren mesedetan aritzea, hala nola kanpo politika iparamerikarra ala NATOrenak.