Usurbil

Aberri eguna 2020

Usurbilgo Udalaren adierazpen instituzionala

| 2020-04-10 18:35:00

Igandean ospatuko dugun Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, izan ere, konfinamendu betean aurkitzen da euskal jendartea, eta, dagoeneko, Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena utzi du gaitz honek: mila herritar inguru zendu dira, gaitzak jota daude milaka herritar, eta beste milaka herritarrek euren lanpostua arriskuan dute.  Halaber, osasun krisi honen ondorioz, gure herriko egitura ekonomikoa gogor kolpatzen ari da.  Mundu mailako krisi humanitario honek, ondorio sanitarioez gain, aurreikusi ezin ditugun beste hainbat ondorio ere eragingo ditu beste hainbat alorretan, besteak beste, gure bizimodu eta ohituretan. Edonola ere, espero dugu politikaren alorrean orain arteko egiteko moduetan ere aldaketak eragitea.

Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen duintasuna eta zoriontasuna mundu mailako lehentasun bilakatzea espero dugu, baita gure aberriarentzat ere. Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunon aldetik hausnartzea oraindik aitortu gabeko herri txiki honek munduan jokatuko duen papera zein izan behar duen: nazio aitortza ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, izan ere, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitatearen garapenarekin eta haren jasangarritasunarekin, autoeraketa eta dinamika sozial eraldatzaileen arteko lankidetzarekin, nortasuna eta aniztasuna bateratzearekin. Oinarrizko eskubideak bermatzea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea da nazio eraikuntzaren oinarria. Horregatik, oinarrizko eskubideen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezi honetan.

Erabaki guneak erabakiak gauzatu behar diren lurraldeetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzungo zaie egoera zailenei. Zer izan nahi dugun erabaki nahi dugu, alboko herrialdeekin zer-nolako harremanak izan nahi ditugun erabaki nahi dugu, bai eta krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa izan nahi dugu. Herri honek badu horretarako nahikoa sen demokratiko.

Osasun krisia amaitu amaituko da, bidean heriotza asko eraginda, tamalez. Krisia amaitutakoan, egoera sozial eta ekonomiko latzari aurre egin beharko diogu, eta egoera horrek eskatuko dizkigu abertzaletasuna eta ahalegina. Herri plan erraldoi bat jarri beharko dugu abian, krisi honek familietan, enpleguan eta enpresen jardueran dituen ondorio izugarriak arintzeko.

Elkarlanean aritzeko garaia da: batera eta auzolanean. Norabide horretan, pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobeagoa lortzeko prestutasun oso dugu. Horregatik, Aberri Egun honetan eta egoerak eskaintzen dituen aukera urriak profitatuaz,

Usurbilgo Udalak, honako hau adierazten du:

I.- Doluminak helarazten dizkie senitartekoen artean edota lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei

II.- Esker hitzak baino ez ditu osasun eta zaintza arloko langileentzat eta egoera honetan beren onena ematen ari diren herritar guztientzat

III.- Udaletxe aurreko ikurriña masta erdian jarriko du.

Halaber, dei egiten die herritarrei:

I.- Eguerdiko 12:30ean minutu bateko isilunea egitera eta hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan dituzten familiekin dolua partekatzera.

II.- Ikurriñak jartzera etxeetako balkoietan.

III.- Eta beste zenbait eragilek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera.

 

SINATZAILEAK: Euskal Herria Bildu eta Euzko Alderdi Jeltzalea

Adiorik ez Joxe Ramon!

| 2020-04-02 14:00:00

Gaur jakin dugu Joxe Ramon Ibarguren hil dela, brigadan urte luzez lanean aritutakoa. Langile nekaezina eta konpromoetitua bere herriarekin. Adiorik ez, Besarkada estu bat bat familiari.

Zorionak Usurbil!

| 2019-05-26 22:30:00

Irabaztera aterako ginela esan genuen, eta lortu dugu! Udal, Foru eta Europako Hauteskundeak irabazi ditugu Usurbilen! Zuei esker lortu ditugu emaitzok, eta, beraz, ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizuegu. Mila-mila esker EHBilduri babesa emateagatik eta gure lantaldearengan jarritako konfiantzagatik!

Oso pozik gaude lortutako emaitzekin: udal hauteskundeetan zortzikoari eustea zen gure helburu nagusia, eta lortu dugu, nahiz eta duela lau urte baino 60 boto gutxiago atera. Gehiengoa badugu ere, gainerako alderdiekin adostasunetara iritsi nahiko genuke; izan ere, emaitzek erakutsi duten bezala, gure herria anitza da, sentimendu politikoz anitza, eta guztiona eta guztiontzat den Usurbil eraiki behar dugu.

Agurtzane Solaberrieta: “Herri interesak lehenetsiz, elkarri entzunez, elkar begiratuz, hitz eginez, aliantzak zabaltzera eta adostasun berriak lantzeko bokazioz nator, bai oposizioarekin, bai herriko eragileekin, auzoekin, eta, nagusiki, inor bazterrean utzi gabe”.

Kasik talde berria dugu, baina ilusioz eta gogoz gatoz lanera, gure onena ematera, gure herria maite dugulako: “udal-gobernuko bulegoko ateak uneoro zabalik izango dira, eta herritar guztiei behar duten denbora osoa eskaintzeko asmoz gatoz”.

Azkenik, orain arteko udal-gobernuak egin duen lana txalotu nahi dugu; herritarrek ere txalotu egin dute kudeaketa bikain hori. Dena eman dute usurbildarren alde, usurbildarrok hobeto bizi gaitezen. Bide hori jorratzen jarraitu nahi dugu, herritarrekin batera, elkarrekin burujabe garelako.

Herri Programa 2019-2023

| 2019-04-12 18:56:00

Agurtzane Solaberrieta Mesa - Usurbilgo Alkategaia

| 2019-04-11 12:00:00

Usurbilgo hautagaiak ezagutu nahi? Primerako lantaldea osatu dugu, herri hau kudeatzen jarraitzeko. Zerrendaburuaren aurkezpen bideoa duzue hau.

 

ALBISTEAK

Aberri eguna 2020

2020-04-10 18:35:00

Usurbilgo Udalaren adierazpen instituzionala

Adiorik ez Joxe Ramon!

2020-04-02 14:00:00

Zorionak Usurbil!

2019-05-26 22:30:00

Herri Programa 2019-2023

2019-04-12 18:56:00