Usurbilgo EHBilduk jakinarazten du Kirol arloko zinegotzi arduran aldaketa izango dela: Xabat Belokik ardura utzi berri du ekaineko udalbatzan. Hau horrela, aurrerantzean Eneko Eizagirre izango da arlo horren arduradun udal taldean eta Usurbilgo EH Bildun.
Eizagirre udal taldera integratuko da, kirol arloko lana sendotzeko eta hurrengo urteetan datozen erronka nagusiei erantzuteko. Orain arte herrigintzatik egin bezalaxe, hemendik aurrera, udal gobernutik ziur gaude bere ekarpena baliagarri bezain emankorra izango dela. Konfiantza osoa adierazi nahi diogu Enekori, bere arloan hartuko duen ardura berriari begira. Usurbilgo EHBilduren ustez, kirola herri ikuspegitik lantzen jarraitzea funtsezkoa eta ezinbestekoa da, herriko eragileekin elkarlanean eta guztiontzako irisgarria izango den eredua indartuz. Datozen urteetan, kirolaren alorrean ere erronka potoloak aurreikusten ditugu eta beraz, gure lana izango da ilusioz eta anbizioaz erantzutea erronka berri hauei.
Azkenik, Usurbilgo EHBildutik eskerrak eman nahi dizkiogu Xabat Belokiri azken urteotan egindako lanagatik eta izandako konpromisoagatik. Kirol arloan egindako ekarpena eta herriko kirol dinamikan izandako inplikazioa nabarmendu nahi dugu, proiektu berriak sustatu eta aurretik zeudenak hauspotu dituelako. Eskerrik Asko!