AKTUALITATEA


| 2019-09-20 20:48:00

Gure bizitzako esparru guztietan eragina duen eta areagotuko den Larrialdi Klimatiko baten aurrean gaude. Aldaketa klimatikoa, Berotegi Efektuzko Gasen isuri masibo baten ondorioz gertatzen ari da, eta isuri horien arrazoi nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza.

Gurean, Jaurlaritzaren propagandistek kontrakoa adierazi arren, emisioek gora egin duten azken urteetan, EAJk sustatu duen erregai fosilen erabilpenean oinarritutako eredu ekonomikoaren ondorioz; adibide adierazgarriak dira Muskizeko Petronor findegian zabaldutako Coke planta berria edota Zabalgarbi eta Zubietako erraustegiak. Birziklapena eta energia berriztagarriak oinarri dituen eredua sustatu ordez, zaborra  erraustu eta erregai fosilekiko menpekotasuna areagotuz, oligarkia ekonomiko eta finantzieroaren mesedetan beti ere, herritarron osasunaren kaltetan.

Larrialdi klimatiko batean gaudela onartzen badugu, jarraian erantzukizunaz hitz egin behar da. Erantzukizun handia dugu larrialdi klimatikoa eragiten duten gasen isurketetan, eta orain arte indarrean izan diren politikek eta planek ez dute inolaz ere lortu egoerari buelta ematea. Horretarako politika ausartak beharrezkoak ditugu.