Sopela

BM-K HIPERMERKATU BAT ERAIKI NAHI DU BAREÑON

BM supermerkatuak eta Viuda de Sainz promotoreak obra lizentzia eskaera erregistratu dute Sopelako Udalean. Beraz, gertuago dago Bareño aldean eraiki nahi duten 2000 m2-ko hipermerkatua. Sopelan ondorio larriak ekarriko ditu hipermerkatu horrek, bai komertzio txikiari, bai trafikoari. Bitartean, herritarrak mobilizatzen ari dira “Sopelan Hipermerkaturik ez!” lolepean.

Bareño,Hipermerkatua | 2020-10-06 17:23:00

Obra lizentzia-eskaria aurkeztuta. Udalean irailaren 25ean erregistratu da Bareñoko H partzelan helburu komertziala izango duen eraikin baten obra lizentziaren eskaera. Proiektua, beraz, aurrera doa: Viuda de Sainz promotoreak eta BM supermerkatu kateak dira, ofizialki, sustatzaileak.

Martxoko osoko bilkura. Josu Landaluze alkatearen kalitatezko botoarekin, onartu egin zen martxoan EAJ eta PSEren babesarekin Bareñoko H partzelan hiperrmerkatu baten xehetasunazterketa edo aurre-proiektua: sotoa eta beheko solairua dituen eraikin bat aurreikusten da.

Gardentasun falta. Martxoko osoko bilkuran, EAJk eta PSEk esan zuten oraindik ez zekitela zein izango zen lursail horri emango zitzaion erabilera komertziala, nahiz eta planoetan argi eta garbi agertzen zen eraikinaren tamaina. Bi alderdi horiek garrantzia kendu zieten Sopelatik zabaldu ziren zurrumurruei, orube horretan BM hipermerkatu bat eraikitzeko aukerari buruz. “Hipika bat izan liteke” esan zuen Josu Landaluze Sopelako alkateak txantxetan.

1.500 metro koadroko hipermerkatua. Zehazki, Bareñoko eraikina 1.500 metro koadroko salmenta-aretoa duen supermerkatua da, eta beste 500 metro koadro hozkailuetarako, eta abar; hau da, 2.000 metro koadroko sabaia eta lurpeko aparkalekuetarako 95 plaza dituen eraikina. 5.400 auto astean. Trafikoaren azterketaren arabera, 12.600 bisitari izango dira astero, 5.400 auto astean, ostiraletan eta larunbatetan 2.095 ibilgailu. Larunbatean, puntako orduan, eguerdian, 111 auto sartzen eta 111 auto supermerkatutik ateratzen.

EH Bilduren jarrera: Sopelak ez du merkataritza-gunerik behar. 1.500 metro koadroko supermerkatu honek kalte larriak eragingo dizkio Sopelako tokiko merkataritzari, herriaren erdiguneari bizia kenduz eta zonaldera trafiko gehiago erakarriz. Herriaren ikuspegi horrekin bat etorriz, Bareñoko proiektuaren aurka dugun jarrera erabatekoa da eta nahiz eta maila instituzionalean proiektua ezin gelditu, guztiz beharrezkoa ikusten dugu proiektuaren ondorio negatibo horiek zuzenduko dituen “talka-plan” asmatzea, mugikortasun eta tokiko merkataritzaren alorrean udal-neurri bereziak proposatuz.
Herriak Bareñoko supermerkatu-proiektuari ezezkoa. Bitartean, zenbait herritar, eragile sozial eta komertziante proiektuaren kontra agertu dira, beraien aurkakotasuna azaltzeko hainbat ekimen abian jarriz, horien artean, kontzientziazio-kanpaina eta sinadura bilketa bat.

KULTUR-EKIPAMENDU BERRIAK SOPELAN: PROZESU PARTE-HARTZAILEA ABIAN DA!

2020ko aurrekontuak onartzeko EH Bildu eta EAJ/PSEren udal gobernuaren artean sinatutako akordioari jarraituz, Sopelako Udalak kultur ekipamenduen inguruko prozesu parte-hartzailea abian jarri du. Hauxe izan da, hain zuzen ere, Sopelako EH Bilduren aldarrikapen historikoa: herritarron eta herriko eragileen behar kultural eta sozialak beteko dituzten ekipamendu publikoak izatea. Gazteak, ikasleak, kultur-taldeak... guztien iritzia jasotzea beharrezkoa da. EH Bilduren aldetik, ekimen honetan PARTE HARTZERA animatzen zaituztegu!!!!

Parte-hartzea,Liburutegia,Loroño | 2020-09-15 22:12:00

 

Kultur-ekipamendu berriak: Sopela biziago baten alde!

Legegintzaldi honetarako herri-programan argi esaten genuen: “Sopeloztarron bizi kalitatea hobetu nahi dugu, auzokideen partehartzea ahalbideratuz eta gure herri nortasuna mantenduz: pertsonen arteko hurbiltasuna sustatu, komunitatea trinkotu, euskara eta kultura bultzatu. Sopela Bizia dugu amets”.

Horretarako, EH Bilduk proposatzen zehatzak ditu ekipamenduen alorrean: “Kulturgune berria eraiki, Loroñon: liburutegi eta erabilera anitzeko ekipamendu berriak”. Bestetik, “Frontoiaren eraikina eraberritu, egungo liburutegiari beste erabilera sozial bat emateko”. Horrez gain, “Herriko eragileei ekipamendu publikoak erabiltzeko aukerak eman” behar zaiela azpimarratzen genuen.

Bestetik, “Sopelan kalitatezko ikastetxeak izan behar ditugula” gaineratzen genuen herri-programan: Zipiriñeko eskolaren masifikazio arazoei egiten genien erreferentzia. Ezaguna da Loroño aldean eskola berri bat eraikitzea proposatzen dugula, Lemotzako ingurune osoa berreskuratuz. Hezkuntza eraikin horrek kultur gune berriaren ondoan kokatuko litzateke, hezkuntza- eta kultur-ingurune bat sortuz: herriko haur eta gazteen hezkuntza beharrak asetzeaz gain, ekipamendu publiko hori bestelako behar sozial eta komunitario batzuetara ere bideratu daiteke (espazio batzuk udal- eta herri-jardueretarako erabiliz).

Azkenik, Larrabasterraren behar kulturalak eta sozialak aipatu ditugu beti EH Bildun: auzoak ekipamendu berri bat behar du. Sopelarin saldu zion EAJ/PNV eta PSEren aurreko Udal Gobernuak Uribe Kostako Mankomunitateari. Espazio hori erabiltzen jarraitu beharko luke Sopelako Udalak, Mankomunitatearekin adostuta... baina horrez gain beste gune bat izatea beharrezkoa da. Egokia ikusten dugu Larrabasterrako El Carmen hermita ekimen kultural eta sozialetarako erabiltzea, Elizari espazio horren lagapena eskatuz.

Azken finean, kultur ekipamendu egokiak nahi ditugu, kalitatezkoak, herritarren eta herriko eragileen beharrak asetuko dituenak. Ekipamendu horien izaera herrikoia eta komunitarioa aldarrikatu nahi dugu. Gernikako ASTRA bezalako esperientzia bat behar du Sopelak, hau da, herritarrek eta herriko eragileek zuzenean kudeatutako espazioak.

 

Herritarrok dugu hitza: prozesu parte-hartzaileak oinarri!

Gure herri-programan Udal parte-hartzaileagoa aldarrikatzen genuen, horretarako prozesu parte-hartzaileak (aurrekontuetan, funtsezko proiektuetan), asanblada irekiak auzoetan, herritarron kontseiluak (hezkuntza, kultura, emakumea, gazteak, hondakinen kudeaketa) sortuz, kasuan kasu. Irizpide hori gure udal-jarduerara ekarri dugu beti.

Horrela, 2017ko aurrekontu-akordioan eskatu genuen bezala, aurten EAJ/PNV eta PSErekin sinatu dugun aurrekontu akordioan puntu bera sartu genuen, kultur-ekipamenduen inguruan prozesu-partehartzaile bat martxan jartzea, herriko beharrak identifikatuz:

  1. Liburutegi edo kultur eraikin berria. Loroñoko aparkalekuaren ondoan (5.2. partzela), kultur zentro berri bat eraikitzeko proiektua gauzatuko dela kontutan hartuta, “kultur zentro berri horrek eta Sopelako gainerako instalazio soziokulturalek bete behar dituzten beharrak eta izan behar dituzten ezaugarriak identifikatzeko, azterketa global bat egingo da. Azterlan hori prozesu parte-hartzaile batean oinarrituko da, non kultur, kirol eta bestelako eragile guztiak kontutan hartuko diren, bai udalerrikoak orokorrean, bai gazte talde desberdinetakoak ere. Halaber, 200.000 euroko partida jarriko da inbertsio hori egiteko”.
  2. Liburutegia kultur etxea. Frontoiaren erakina “bere segurtasunerako eskatzen diren arauetara eta Sopelako behar soziokulturaletara egokituko da, guzti horretarako partida bat sortuz. Eraikin honetako espazioak aurreko atalean aipatutako prozesu parte-hartzailearen arabera erabiliko dira”.

 

EH Bilduren aldarria: parte hartu!

Honen bestez, Sopelako Udalak prozesu-partehartzaile bat jarri du abian, Sopelako herritarrok behar ditugun kultur-ekipamenduak berritu eta egokitzeko. Sopelako Udala jadanik hasi da zenbait herri-eragilerekin biltzen, beraien ekarpenak zuzenean jasotzeko. Horrez gain, prozesuak bi bide gehigarri ditu, herritarron iritziak jasotzeko:

  1. GALDETEGIA: Sopelako Udalak Galdetegi bat prestatu du (artikulu honen bukaeran txertatu dugu), bai udal eraikinetan horretarako prestatuko diren kutxetan uzteko, bai on-line betetzeko. Epemuga: irailaren 20a. Galdetegia ikusgai dago Sopelako Udalaren webgunean: http://udalonink.ibatuz.com/index.php/781352/lang-es.
  2. SAIO PRESENTZIALA: irailaren 28an 18:00etan Kurtzion egingo den aurrez aurreko tailerrean parte hartuz. Izena emateko: deitu 688 736 136 telefonora.

EH Bilduren aldetik, ekimen honetan PARTE HARTZERA animatzen zaituztegu!!!!

 

IKUS GALDETEGIA
1. Sopelako kultur instalazioen eta ekitaldien ohiko erabiltzailea zara?
2. Zein instalazio eta/edo ekitaldi erabili ohi dituzu?
3. Oro har, nola baloratzen dituzu Sopelan dauden instalazio eta ekipamendu kulturalak (Baloratu: 1 oso txarra eta 5 oso ona). Zergatik baloratu duzu hori?
4. Nola baloratzen dituzu pilotalekuko eraikineko instalazioak? Liburutegia, HHI, pilotalekua,…? (Baloratu: 1 oso txarra eta 5 oso ona). Zergatik baloratu duzu hori?
5. Zure ustez, zer alderdi hobetu beharko litzateke ekipamendu honetan? Zeren falta duzu?
6. Nola baloratzen dituzu Kurtzio kultur etxeko instalazioak? Gaztelekua, txikigunea, ludoteka, auditorioa... (Baloratu: 1 oso txarra eta 5 oso ona).
7. Zure ustez, zer alderdi hobetu beharko litzateke ekipamendu honetan? Zeren falta duzu?
8. Zer zerbitzu eskaini beharko lituzke Sopelabek?
9. Zer gune izan beharko lituzke?
10. Zer elementu iruditzen zaizkizu ezinbestekoak daudenak osatzeko eta Sopelako behar kultural guztiei erantzuteko instalazioak izateko?
11. Ekarpenak egiten jarraitu nahi duzu? Anima zaitez sopeloztarron premia kulturalak lantzeko tailerrean parte hartzera (irailaren 28an, Kurtzion, 18:00etan). Proiektuaren xehetasun gehiago ezagutuko ditugu, eta Sopelaren premiak eta etorkizun kulturala sakonago landu ahal izango ditugu. Antolaketa arrazoiengatik, aldez aurretik eman beharko da izena.

ZERGA IGOERA SOPELAN?

Sopelako Udal Gobernua zergen eta tasen ordenantzak berrikusten ari da. Udal teknikarien laguntzaz, hainbat zergen eta tasen egunerakoa proposatu ditu. EH Bilduren jarrera argia da: bizi dugun krisi garaian ezin zaie herritarrei eskatu beraien gain har dezaten Udalaren finantzazioa. Horregatik, egungo testuinguruan, ondasun higiezinen eta ibilgailuen gaineko zergen igoeraren kontra gaude. Plusbalioaren gaineko zergaren igoeraren kasuan, zerga hori berraztertzea egokitzat jotzen dugu (etxebizitzen salmentetatik eratorritako irabazia zergapetzen duena, alegia). Argi daukagu: “herritarrok ezin dugu krisiaren ondorioak gure gain hartu”.

Zergak,Covid19 | 2020-09-11 11:39:00

 

Udal gobernuaren proposamena: zergak igotzea

EAJ/PNV-ek eta PSEk gidatutako udal gobernu berriak ez zituen 2019an zergen eguneraketarik proposatu. Gobernuan sartu berri (irakur “Zaharrak berri” artikulua), ez ziren ausartu zergak igotzera. Orain, ordea, zergen igoera orokor bat planteatzen ari dira: ondasun higiezinen, ibilgailuen eta plusbalioaren gaineko zerga, hilerriarekin lotutako tasak, espazio publikoaren erabilera eta hondakinen bilketa.

 

Herritarrek ezin dute krisiaren ondorioak beraien gain hartu

Sopelako EH Bilduren iritziz, bizi dugun egoeran “herritarrek ezin dute krisiaren ondorioak eta Udalaren finantzazioa beraien gain hartu”. Horrela, gogor kritikatzen dugu udalaz gaindiko erakunde publikoek (Bizkaiko Foru Aldundiak, kasu) udal finantzazioan aplikatuko dituzten murrizketak. Erakunde horiek hartu behar dute udalak laguntzearen ardura, ez herritarrok. Sopelan, are gehiago: Udalak ez ditu oraindik COVID19rako diru-laguntza zuzenik proposatu (ez familiei, ez komertzioei), nahiz eta EH Bilduren aldetik adibide zehatzak eman zaien (Errenteria, Azpeitia, Durango, Igorre...). Uribe Kostako beste herri batzuetan jadanik eskaini dituzte diru-laguntza horiek: Berango, Urduliz, Plentzi, Gorliz, Lemoiz ... Sopelan, iraila da eta diru-laguntzen berririk ez! Zergatik?

 

Gure proposamenak

  1. Herritarrak orokorrean ukitzen dituzten zergak izoztea (ondasun higiezinen eta ibilgailuen gaineko zergak). Plusbalioaren gaineko zerga handitzea, eta aukerarik progresiboena onartzeko prest geundeke: zerga honek etxebizitzen erosketetatik saltzaileak lortzen duen irabazia zergapetzen du.
  2. Tasei dagokienez, udal teknikariek egindako kostuen azterketa eta beste udalekiko alderaketa kontutan hartuz, egokitzat jotzen ditugu udal gobernuak botatako proposamenak aztertzea: hilerriarekin lotutako tasen eta espazio publikoaren erabileraren berrikuspenak.
  3. Hondakinen bilketaren inguruan udal gobernuak (EAJ/PNV-ek eta PSEk) botatako tasen eguneratzeari dagokionez ez dugu uste herritarrei tasa horren igoera inposatu behar zaienik. Are gehiago, joan den legegintzaldian zehar tasa horrekin bilketa zerbitzua finantzatzen zela kontutan hartuta.
  4. Udal gobernuak ez digu proposatu tasa zehatz baten eguneraketa: eraikuntza-lizentzien gaineko tasa. Bere berrikuspena eskatzen dugu. Zenbat eraikuntza berri egiten ari dira Sopelan?

KARPAK ZIPIRIÑEN

Guillermo Vío (Willy) EHBilduko zinegotzi ohiaren iritzi artikulua, Zipiriñen Udalak jarritako karpen inguruan.

Zipiriñe,Covid19 | 2020-09-10 13:02:00

 

Borontate ona Vs propaganda

Jolastokian karpa batzuk jarrita eman dio hasiera Zipiriñe eskolak ikasturte berriari. Covid-19k eragindako osasun-krisiak sortu dituen eskolatze-arazoei irtenbidea ematen saiatzeko, borontate onez jokatu dela onar dezakegu.

“Borontate ona” onar daiteke; baina propaganda egiten saiatzea eta sakoneko arazoak ezkutatzea onartezina da: “Sopelako Udalak inbertsioa egin du haur eta nerabeen aurrez aurreko eskolatze eta segurtasuna bermatzen dituzten karpak instalatzeko”. Karpak aurrez aurreko eskolatzea eta segurtasuna bermatzen du!!! Halakorik irakurri behar!!!

 

Aurrez aurreko Hezkuntza segurua

Jakinik erabateko segurtasuna ez dagoela; guzti-guztiok aurrez aurreko hezkuntzaren alde egiten dugu: aurrez aurreko hezkuntza seguru baten alde; baina presentzia seguru hori ezin da “borontate onean” oinarritu. Presentzia segurua neurri serio eta sakonetan oinarritu behar da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa, Sopelan Gobernuan dagoen alderdi politiko berarena, negargarria eta arduragabea izan da, eta ez dago hori estali dezakeen karparik.

 

Ez da neurri garrantzitsurik hartu…

  1. Ez dago aparteko aurrekontu-partidarik Ikasle / gelako ratioak murrizteko
  2. Ez dira plantillak handitu: ez irakasle gehiagorik, ez laguntzailerik jantokian, autobusetan… aritzeko.
  3. Ordutegiak ez dira sakon aldatu (lanaldi jarraitua).
  4. Ez da planteatu curriculumaren egokitzapenik.
  5. Ez zaie proba serologikorik egin hezkuntzako langileei
  6. Ikastetxeetako “Covid” arduradunak hezitzaileak dira, ez osasun arlokoa.

 

Hartutako neurriak: berandu, aldez aurretik ezagunak, zehaztugabeak eta kontrastatu gabeak

  1. Eskolatze presentziala bermatzeko, abuztuaren 26an eskatu zitzaien udalei espazio publikoen berri emateko. Karpak dira Sopelan eskain daitekeen gauza bakarra. Liburutegia? Kurtzioko gelak?
  2. Abuztuaren 27an, urruntze sozialaz, musuko erabili beharraz eta garbiketaz hitz egiten duen protokolo bat argitaratzen du Hezkuntza Sailak… zaharrak berri!
  3. Abuztuaren 27an 1.000 irakasle kontratatzeaz hitz egiten da… Noiz?: “Beharrak ikusten joango gara”… hau da, gerora… arazoak sortuko direnean eta ikastetxeek plangintza eginda izango dutenean.
  4. “Burbuila taldeak” aipatzen dizkigute… Nork bermatzen ditu?
  5. Guraso-elkarteekin, sektoreko sindikatuekin, ikasleen ordezkariekin ez da hitz egin…

Taldeak murrizteko, hezkuntza-espazio gehiago sortzeko, hezitzaile gehiago (irakasleak, begiraleak…) kontratatzeko eta gelako ikasle gutxiago izateko neurriak hartzen ez diren bitartean; ikastetxeetan hartzen ari diren gainerako neurri guztiak borondate onez hartutako adabakiak dira, besterik ez… eta gurasoen, irakasleen eta udal batzuen (ez guztiak) borondate onak ezin ditu inola ere ezkutatu Hezkuntza Sailaren kudeaketa negargarria eta inprobisazioa.

 

Ikastetxe berri bat Sopelan
Une honetan bat-bateko konponbideak bilatu behar dira, baina horrek ezin ditu Sopelako hezkuntza-beharrak baztertu. Pandemiaren aurretik, eztabaidatzen genuen ea Sopelak ikastetxe berri bat behar zuen Loroñon edo oraingoa handitu. Erantzuna garbia da: Sopelak ikastetxe berri bat behar du. Ezin da haur gehiago “sartu” egungo Zipiriñen eta makrozentro batean bihurtu.

 

Iturria: http://sopela.net/index.php/es/2020/09/08/carpas-en-zipirine/

EH BILDUren erantzuna Barrikako egoitzari: "Gure zinegotziek ez dute komunikabideek baino garrantzi gutxiago"

Abuztuaren amaieran hainbat komunikabidetan agertutako berriez arduratuta (Barrikako zahar-egoitzan erabiltzaileen erdia positibo COVID19an), EH Bilduk bilera eskatu zuen egoitzako zuzendaritzarekin. Erantzuna: "Egoitzako Zuzendaritzak informazioa ematen die Patronatuari, senideei eta langileei, baita komunikabideei ere. Ez dio bestelako pertsona fisiko edo juridikori informazioa ematen". Gure zinegotziek komunikabideek baino garrantzi gutxiago ez dutela argudiatuz, erantzuna luzatu diogu zuzendaritzari. Informazio guztia hemen duzue!

Elorduy,Barrika | 2020-09-07 15:02:00

 

 

BARRIKAKO EGOITZA, COVID19 eta EH BILDUREN ESKARIA

Komunikabideetan agertutako berriak kontutan izanda (ikus HIRUKAko albistea (2020/08/24), Sopelako EH Bilduk 2020/08/23an Sopelako Udal Taldeen bozeramaile guztiei honako mezua bidali zien, Alkateari eta Udal Gobernuari zuzenduta:

"Egoeraren larritasuna ikusita (komunikabideetan duen oihartzunak berretsita), eta Sopelako Udala Elorduy Fundazioaren Patronatuko kide dela kontuan hartuta, gustatuko litzaiguke bilera bat egitea (aurrez aurrekoa edo telematikoa) Bozeramaileen Batzordeko kideen eta egoitzako zuzendaritzaren artean, komunikabideek emandako informaziotik harago egoeraren berri zuzenean izateko. Beharrezkoa ikusten ez bada, EH Bilduk banaka eskatuko luke bilera hori".

 

ELORDUY FUNDAZIOKO ZUZENDARITZAREN EZEZKOA

Eskari honen aurrean, 2020/08/25ean Sopelako Udalaren alkateak Elorduy Fundazioko zuzendaritzarekin bilera bat lotu zuen, astearte horretan bertan (atzo), arratsaldeko 18.00etan. Hala ere, udal taldeetako zinegotziok ez geunden deituta bilera horretara: Sopelako alkateak informazioa jaso eta bozeramaileei helaraztea izan zen beraien erabakia. Hau ikusirik, berriz ere, honako eskaria egiten dugu:

"Elorduyrekin bilera hori eskatu genuenean, oposizioko taldeei irekita egotea proposatu genuen: gure aldetik, prest gaude bilera horretara joateko, informazioa zuzenean jasotzeko eta zalantzak argitzeko. Ander Moreno eta Mikel Tapia zinegotziak bertaratuko lirateke".

Ez genuen erantzunik jaso bilera hori bukatu arte. Gure eskaria ez onartzearen arrazoia Egoitzako zuzendaritzatik bidalitako mezu honetan dago:

"Egoitzako Zuzendaritzak informazioa ematen die Patronatuari, senideei eta langileei, baita komunikabideei ere. Ez dio bestelako pertsona fisiko edo juridikori informazioa ematen".

 

URIBE KOSTAKO EH BILDUREN ERANTZUNA

“Uribe Kostako EH Bilduren udal taldea osatzen dugun Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzi, Gorliz eta Lemoizko zinegotziok oso arduratuta gaude joan den astean komunikabideetan agertutako berriekin, hots, Barrikako adinekoen egoitzan izandako COVID-19 positiboekin.

Sopelako Udalean EH Bilduk duen bozeramailearen bitartez, eskari zuzena egin zuen Sopelako EH Bilduk bilera bat egiteko, Sopelako udal taldeen bozeramaileen eta egoitzako zuzendariaren artean (bertan Sopelako Alkatea ere deitua izango litzateke, Sopelako Udalak Barrikako egoitzan duen ordezkaria, alegia). Kontutan izan behar dugu 2020ko apirilaren osoko bilkuratik geroztik, Sopelan Bozeramaileen Batzordea “krisi-mahai” gisa eratuta dagoela, COVID-19ren ingurukoak elkarlanean aztertzeko.

Egoitzako zuzendaritzatik ezezkoa jaso genuen 2020/08/25ean, Egoitzako Zuzendaritzak informazioa ematen diela Patronatuari, senideei eta langileei, baita komunikabideei ere, baina ez diola bestelako pertsona fisiko edo juridikori informazioa ematen”.

Ezezko honen aurrean, Uribe Kostako EH Bilduk honako erantzuna luzatzen dio Elorduy Fundazioko zuzendaritzari: Uribe Kosta osatzen duten Udalak Barrikako egoitzaren patronatuko kide dira. Udaletako zinegotziok gure erakundeetako ordezkari publikoak gara. Gure eginbehar instituzionala da gure Udaletan gertatzen diren arazoez arduratzea eta beraien konponketan inplikatzea. Barrikako egoitza kudeatzen duen Elorduy Fundazioaren kasuan, guk ordezkatzen ditugun Udalak kide dira bere gobernu organo den Patronatoan. Informazioa zuzenean jasotzeko eskubide politikoa daukagu. Informazio hori gure jardun instituzionalean arduraz, fede onez eta erantzunkizunez erabiltzeko konpromisoa hartu dugu gure gain. Gure zinegotziek ez dute inolaz ere komunikabideek baino garrantzi gutxiago.

Hau guztia kontutan hartuta, Elorduy Fundazioko zuzendaritzari berriz ere bilera eskaria luzatzen diogu, egoitzaren egungo egoera eta beharrak zuzenean ezagutzeko. Bilera horretara, Uribe Kostako Mankomunitateko osoko bilkuran dauzkagun bi ordekariak bertaratuko lirateke: Unai del Burgo García, Sopelako Udaleko zinegotzia eta Jose Antonio Martínez Ibañez, Gorlizeko Udaleko zinegotzia”.

ALBISTEAK

SOPELAKO EH BILDUREN ERANTZUNA DB-TUren ZENTSURA-MOZIO PROPOSAMENARI

2020-11-20 10:39:00

DB-TUren proposamenaren atzean ez dago ezer, ez edukirik ez, ez formarik ere... ez da proposamen serioa: ez dago programarik, ez dago konpromisorik, ez dago elkarlanean aritzeko borondaterik, ez dago behar besteko konfiantzarik. EH Bilduren ustez, ezinbesteko baldintza horiek landu egin behar dira, benetako zentsura-mozio serio bat aurkeztu aurretik. Eta horren gaineko ekimena EH Bilduri dagokio, oposizioko lehen indar gisa. Beraz, DB-TUri azaroaren 13an helarazi genion erantzun berbera ematen diogu oraingoan ere: orain ez da momentua, izan ere, proposamen horrek ez du inolako zentzurik egungo egoeran. Hala ere, EH Bilduk bere borondate argia erakutsi die Elkarrekin Podemos eta DB-TU alderdiei oposizio bloke sendo bat eraikitzeko eta elkarrekin baldintza egokiak lantzeko, helburu zehatz batekin: Sopelarentzat alternatiba sendoa, aurrerakoia eta eraldatzailea osatzea.

Sopela: 2019/2020 ikasturteko balorazioa!

2020-11-10 15:37:00

Sopelako EH Bilduk ALDIZKARI BERRIA argitaratu du, 2019/2020 ikasturteko balorazioa eginez, urriaren 17ko herri asanbladan bilkideekin partekatu ondoren. Balorazio horrekin batera, hainbat gai interesgarri jasotzen ditu aldizkari berri horrek!

KALEAK BERRESKURATZEKO GARAIA DA

2020-11-08 09:20:00

Trafikoaren arazoa lehen mailako kezka da Sopelako biztanleentzat. Arazo hori larriagotu egin da azken urteetan, eta are gehiago larriagotuko da, behingoz ez badira neurriak hartzen.