AKTUALITATEA


| 2019-11-21 11:30:00

Urriaren 9an, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Osoko Batzarrak, EAJren ordezkarien eta PSEren ordezkarien botoekin eta EH Bilduren bi ordezkarien aurkako botoarekin, Matilde Lineo Osoko Batzarreko kidea ordezkari izendatzea onartu zuen, 61.819,90 euroko urteko soldatarekin.

Erabaki hori hartu zen nahiz eta hura justifikatzen zuen txosten juridikoa zaharkituta egon eta hainbat akats izan. Horregatik, EH Bilduk honako hauek zehaztu nahi ditu:

  1. 2016ra arte ez zegoen kargu hori, eta sortu zenean liberazio erdi gisa egin zen. Gero, lanaldi osokoa izatea erabaki zen.

  2. Lehendakariak eskuordetzen dizkion eginkizunak koordinatu eta beteko dituen pertsona bat izateko beharrizanak justifikatzen du liberazioa. Hau da, mankomunitatearen funtzio exekutiboak eta ordezkaritza-lanak egitea du xede. Funtzio horiek, baina, Administrazio Orokorreko teknikari batek egin litzake.

  3. Oso soldata altua da, Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako alkateen ordainsari altuen gainetik. Zenbateko hori justifikatzeko, Mankomunitateak hainbat udalerri biltzen dituela argudiatzen da, eta, beraz, horien guztien erantzukizuna batzen duela. Horren aurrean, argitu behar dugu dagoeneko badirela lehendakari eta lehendakariorde karguak, eta erakunde horrek udalek dituzten zerbitzuen zati bat baino ez duela biltzen. Horren froga da Mankomunitatearen aurrekontua 3 milioi eta erdi baino gutxiagokoa dela.

Horregatik, eta kontuan hartuta orain arte egindako lanak ez duela ekarri mankomunitatearen funtzionamendua nabarmen hobetzea, uste dugu gehiegizko soldata duen lanpostu bat sortu dela, kargu politiko bati mesede egiteko.